Zubietako baserri honetan hasi zen Donostia berreraikitzen. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak kalera atera ditu Donostiari eskainitako argazkirik berezienak. Hiriaren erreketa, suntsipena eta berreirakuntzaren bigarren mendeurrenaren harira sortutako erakusketa da
Bigarren Mendeurrena.
Tamaina handiko 45 irudik osatzen dute erakusketa eta kalean jarri nahi izan dute, guztien eskura. Argentinar Errepublika kalean, Viktoria Eugenia antzokiaren parean, eta Bretxako merkatal gunearen kanpoaldean kokatu dituzte argazki erraldoiak. Ez daude nolanahi kokatuak gainera; Zubietako baserri batean hasi zen hiriaren berreraiketa, eta baserriaren argazkia da erakusketa osatzen duen ibilbidea hasteko aukeratu duten irudia. Erreketaren ondoren hiria hutsetik eraikitzea erabaki zuten bizilagun taldea ere ageri da lehen argazkian.
Izan ere, antzinako argazkiak eta egungo irudiak nahastuz osatutako argazki-muntaketak dira ikusgai jarri dituztenak. Donostiak azken 200 urtean izan duen garapena eta eraldaketa islatu nahi izan dute horrela. Bulebarra, Trinitate plaza edo Kontxako pasealekuak jasan duten aldaketa ikus daiteke adibidez, baina baita gaur egun historia bihurtu diren Urumea ibaian arropa garbitzen aritzen ziren emakumeen irudia, esaterako. Gipuzkoako Argazkilari elkarteko kideen arabera, “zaila izan da aukeraketa egitea hiriko historia eta bizipenak gordetzen dituzten irudi asko baitago, baina ikuspegi dotore bat erakustea lortu dugula uste dugu”. Elkarteko ia kide guztiek hartu dute parte erakusketaren antolaketan. Argazkiak ateratzen edo editatzen batzuk eta ikerketa lanetan beste askok.
Erakusketa, uztailaren 7ra arte egongo da ikusgai kalean. Baina Argazkilari Elkartean bertan ere ikus daitezke argazki berak tamaina txikiagoan, uztailaren 3a arte.
-
-
Zubietako baserri honetan hasi zen Donostia berreraikitzen. (Argazkia: Agurtzane Altuna)