Tabakalera, "etengabeko eraikitze prozesuan"
http://youtu.be/OFcFPH4Z8N0
Tabakalera proiektua zertan den azaldu, eta datozen hilabeteetako programa aurkeztu dute gaur Ane Rodriguez zuzendariak eta Haritz Azkarraga kudeatzaileak.
Eraikitze prozesuan dago Tabakalera proiektua, eta berritze prozesuan dago eraikina bera. Halere, Tabakalerako lan taldeak ez du programazioa eten. Hainbat ekimen sustatu ditu, eta datozen hilabeteetan ere hainbat berritasun ekarriko ditu. 2015. urtean zabalduko ditu ateak eraikinak, eta inaugurazio eguna iritsi bitartean, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentro izango denak, herritar zein sortzaileekin ariko da lanean.
Garabiak, kamioiak, langileak, aldamioak… Lan mugimendu handia sumatzen da tabako fabrika zaharrean. Baita proiektua eraikitzen ari den lan taldearen bulegoetan ere. Bi urte dituzte kultur proiektua abian jartzeko, eta epe honetan definituko dute: Eginez definituko dugu Tabakalera”, adierazi du Ane Rodriguez zuzendariak. Komunitateak sortu eta proiektuari forma eman nahi diote hilabete hauetan: “Guretzat garrantzitsua zen plazaratzea bi urteko epe honetan frogak egiten ari garela, gure programa abian jartzen ari garela. Horrela, behin eraikina irekitzen dugunean proiektua jada abian egoteko”, jarraitu du Rodriguezek.
Tabakalera izango denaren zati bat, beraz, abian jartzea erabaki dute. Izan ere, proiektuak bere ingurunean bere lekua aurkitu behar dutela uste dute arduradunek, “etengabeko eraikitze prozesuan” dagoela onartuta. Atariko honek proiektua definitzeko balioko duelakoan daude.
Hirikilabs izena du atariko gisa prestatutako proiektuetako batek. Donostia 2016 proiektuarekin elkarlanean egingo dute, Suhiltzaileen egoitza zaharrean (Easo kalean). Kultura digitalari lotutako proiektua da. Ikus-entzunezko programa aldez aurretik ezagutzarik ez duen herritarrarentzat zein espezializatuarentzat egingo dute. Ubik izena jarri diote ohiko dokumentazio eta liburutegi zerbitzuen kontzeptutik abiatuta garatzen ari diren proiektuari. Eta Transitoak,aurtengo proiektuen artean garrantzitsuenetakoa. Erakundeak espazio publikotik espazio arkitektoniko batera egiten duen transitoari buruzkoa hain zuzen. Izan ere, Tabakalerak egun ez du egoitzarik, eta horregatik, kalera irtengo dira. Larunbatean egingo dute lehen jarduera kalean, Egian, Tabakalera kokatuko den auzoan: EgiaMapa. Mapeo kolektibo bat egingo dute. Auzoan erabiltzen ez diren espazioak bilatuko dituzte. Tabakalera eta eragile sozialentzako interesgarriak izan daitezkeen espazio horiek bilatu eta aktibatu egingo dituzte. Tejeria kaletik abiatuko da mapeo kolektiboa, 10:00etan.
Gaur goizean kazetariekin elkartu dira Ane Rodriguez eta Haritz Azkarraga. Lan taldearen bulegoetan, Atotxako dorrean, izan dira proiektuaren eraikitze prozesuari buruz hitz egiten. Ondoren eraikinean zehar bisita egin dute elkarrekin, eta berritze lanen nondik norakoak azaldu dituzte. Bideo batean jaso ditu Irutxuloko Hitzak bisita honetan ikusitakoa.