Artelekuk animaziozko film labur bat ekoitziko du beste lau sorkuntza gunerekin elkarlanean
Txina, Kolonbia, Kanada eta Singapurreko sorkuntza gune banarekin batera elkarlanean arituko da bost egunez.
Artelekuk animaziozko film labur bat ekoitziko du beste sorkuntza gune batzuekin elkarlanean, Marinelaren hilerria. Zehazki, Txina, Kolonbia, Kanada eta Singapurreko sorkuntza gune banarekin lan egingo dute bertako sortzaileek, bost egunez, astelehenean hasita. Tailerra Isabel Herguerak koordinatuko du, eta Artelekuko Mugimenduzko Irudien Laborategiaren baitan egingo dute lana. Koldo Almadoz errealizadore donostiarra izango da gonbidatua; berak ezarri du tailerraren gaia, eta berak gidatuko du proiektua.
Arte ederrak, diseinu grafikoa, irudia eta soinuaren alorreko zortzi pertsonak lan egingo dute filma egiteko. Norberaren marrazkiak nahiz besteenak animatu beharko dituzte, irudi horiek berrinterpretatuz eta manipulatuz, narrazio bat eraikitzeko helburuarekin.