Bera Bera jokalariak, Reyes Karrereren aginduak entzuten (Argazkia: berabera.com)
Enpresei eta norbanakoei zuzenduriko kanpaina bat abian jarri du Bera Bera Eskubaloiak,
Erronka honekin bat egin lelopean. Azken batean, Bera Berak datorren denboraldian izango dituen erronken partaide gipuzkoarrak beraiek izatea nahi du klubak, eta kanpainaren berri eman du komunikabideetara bidalitako ohar baten bidez.
Klubak datorren denboraldiko aurrekontuaren %85 osaturik duela jakinarazi zuten Fernando Diez Bera Berako presidenteak eta Tati Garmendia eskubaloiko arduradunak, duela bi aste. Aurrekontua osatzeko falta diren 100.000 euro inguru horiek lortzeko, ordea, Gipuzkoako gizartearen laguntza eskatu du orain klubak. Batetik, zenbat enpresei babesle nagusi izateko proposamena egin die klubak; eta bestetik, uniformeko elastikoetan edo galtzetan agertzeko eskaintza egin die beste iragarle batzuei, baita harrobiaren babesle izatea edo pistan euren enpresaren izena agertzeko aukera.
Bera Beraren aurrekontuak murrizketak jasan ditu, erakundeen diru laguntzak nabarmen jaitsi direlako. 2013-2014 deboraldiari begira, arlo guztietan estutu da kluba, baina batez ere kirol arloan. Hala ere, Gipuzkoako gizartearengan sinesten du Bera Berak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak onartuko duen diru laguntza aurretik aurrekontuan jarrita dagoena baino gehiago izango dela uste du.