169 etxebizitza eraikiko dituzte Jolastokietan
Udalaren Gobernu Batzordeak Jolastokietako Etxebizitza Plan Bereziaren hasierako onespena egin du. Horren arabera, 169 etxebizitza eraikiko dituzte Jolastokietan. Horietatik 96 etxebizitza libreak izango dira, 37 babes ofizialeko alokairukoak eta 36 etxebizitza tasatuak. Hortaz gain, erabilera orokorrerako bi gune ere eraikiko dituzte. Haietako batean haur eskola egingo dute, eta bestea auzotarrek zehaztuko dute. Gimnasia erritmikoa egiteko kiroldegi bat eta autokarabanetarako aparkaleku bat ere egingo dituzte.
Jolastokietako birmoldaketa hau bi fasetan egingo dute. Lehenengoan 48 etxebizitza libre eta erabilera orokorreko espazioak eraikiko dituzte, eta bigarrenean 48 etxebizitza libre gehiago, alokairurako babes ofizialeko 37 etxebizitza, eta beste 36 tasatu. Kiroldegia eta autokarabanetarako aparkalekua ere bigarren fasean eraikiko dira.
Ricardo Burutaran Hirigintzako zinegotziak Jolastokietako Plan bereziak hiru helburu dituela adierazi du: “lehenik, antolamendua aldatzea, espazio gehiago lortzeko. Bigarrenik, kiroldegiaren kokapena aldatzea argitsuagoa eta, ondorioz, energetikoki jasangarriagoa izateko. Eta azkenik, eraikinik garaiena solairu bat gutxiagokoa izatea”.