Etiopiako Ayder ospitaleko hiru langilek Donostia Ospitalaren funtzionamendua ezagutu dute bi astez
Donostian ezagutu duten lan egiteko modua euren ospitalera eramaten saiatuko direla diote bisitariek.
Donostia Ospitalea, erizaintza eta medikuntza fakultatea eta bertan lan egiteko modua bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute Etiopiako Ayder ospitaleko hiru langilek, bi astez, Etiopia Utopia elkarteak bultzatuta. Zehazki, Hareya Gebremedkim ospitaleko erizainen zuzendaria, Kibrom Berhanu erizainen laguntzailea eta Kibron Gebreslassie zirujaua izan dira bisitan. Lehenengo, Donostia Ospitaleko zazpi langile inguru egon ziren Etiopian, hango ospitalea ezagutzen, eta ondoren, bertakoek Donostiara etortzeko aukera izan dute. Prentsaren aurrean pozik agertu dira etiopiarrak, eta bertan ikasitakoa euren ospitalera eramaten saiatuko direla adierazi dute.
Tigray eskualdean kokaturik dago Ayder ospitalea, Etiopiaren iparraldean. Duela bost urte hasi ziren lanean, gaixoentzako 450 ohe ditu eta bertako mediku, erizain eta langileak oso gazteak dira. Guztira, 800 lagun inguruk lan egiten dute ospitalean, eta 8 milioi biztanleri eman behar diete zerbitzua. “Arazo handiak ditugu zerbitzuaren kalitatean. Erizainen jakinduria eta jarrera ez dira onenak. Hemen gauza asko ikasi ditugu. Ikusitakoa kontatuko dugu eta ziur gauza askotan hobetuko dugula”, aipatu du Hareya Gebremedkim erizainak. Azken batean, bisitarekin oso gustura geratu direla argi utzi dute etiopiarrek eta zerbitzuaren kalitatea azpimarratu dute behin eta berriz. “Orain arte osasun beharrak bete ditugu, baina kalitateari garrantzia eman behar diogu”, adierazi du Kibron Berhanuk. Kibron Gebreslassie zirujauak kontatu du ospitalean esperientzia gutxiko langileak dituztela, eta ikasle guztiek ospitalaren eraikinean egiten dutela lo. “Baliabide urriak ditugu, baina ditugun baliabide horiek ez ditugu guztiz ongi erabiltzen. Zirujauek presaz lan egin behar izaten dugu ahalik eta gaixo gehienengana iristeko, baina uste dut kopuruei baino gehiago kalitateari eman behar diogula garrantzia”, gehitu du zirujauak.
Etiopiako kulturaren adierazle gisa, datu bat eman du Etiopia Utopia elkarteko Imanol Apalategik. “Emakumeen %6 bakarrik joaten da ospitalera erditzera, hiru arrazoi nagusirengatik; Ohitura faltagatik, ospitalera joateko autobuserako dirurik ez dutelako, eta euren senarrek ez dietelako uzten”. Edonola, bi ospitaleen arteko harremanak aurrera jarraituko du, eta azken eskari bat egin nahi izan du Gebreslassie zirujauak: “Asko eskertuko genuke hemengo langileak guregana joatea hezitzaile lanak egiteko. Lan egiten dugun tokian bertan gauzak nola hobetu ditzakegun ikas dezagun”.