Tony Gallopinek eskuratu du Donostiako 33. Txirrindularitza Klasikoa
Ez zegoen faborito argirik, baina Frantziako Tourrean aritutakoak aurrean ibiliko zirela espero zuten, eta hala izan da.
Ekonomia zailtasunak zailtasun, aurten ere Gipuzkoako errepideetan barrena abiatu dira puntako txirrindulari profesionalak, Donostiako 33. Txirrindularitza Klasikoan. Radioshac taldeko Tony Gallopin frantziarrak sekulako lasterketa bukaera egin du, eta bera izan da azken 20 kilometroetako protagonista nagusia; hala, azken kilometroak bakarrik egin ostean, lasterketako txapelduna izan da. Gallopinen atzetik egin ditu azken kilometroak 10 txirrindulari inguruko taldeak, tartean Euskalteleko Mikel Astarloza eta Mikel Nieve zeudelarik. Arkaleko azken jaitsiera arriskutsua izan da, lurra bustia baitzegoen.
Hain justu ere, 11:10ean hasi da Klasikoa, hainbat zaleren begiradapean. Alderdi Ederretik abiatu da lasterketa eta Bulebarrean izan du helmuga, 17:00ak inguruan. Juan Karlos Izagirre alkateak moztu du irteerako zinta, baina hori baino lehenago, minutu bateko isilunea gorde dute Galiziako tren istripuko biktimen oroimenez. Gogoan izan dute ere bart gauean hildako Juanma Garate txirrindulariaren aita. Garate, beraz, ez da Donostiako lehiara etorri, eguna familiarekin igarotzeko gorde baitu.
Lasterketan ibili diren 156 txirrindulariek 234 kilometro egin behar zituzten guztira, eta bi aldiz igo dituzte Jaizkibel eta Arkale. Jaizkibelera egin duten bigarren igoera erabakigarria izan da, baina Arkalen jo du irabazlea suertatu den Tony Gallopin frantziarrak. Ez zegoen lasterketa irabazteko faborito argirik, baina Frantziako Tourrean aritutako txirrindulariak izan dira onenak: Quintanak gogortu du igoera Jaizkibelen, bere taldekide Valverderen mesedetan. Murtziarra bigarren izan da Bulebarrean, eta Krezugier hirugarren, Frantziako Itzuliko beste oilarretako batek.