Nerea Txapartegi, Juan Karlos Izagirre eta Miguel Martin, goizeko agerraldian. (Argazkia: E. Zabala)
John Zornen Masada Marathon nabarmendu du Miguel Martin zuzendariak, aurreikuspen guztiak gainditu baititu bere hitzetan.
Miguel Martin Jazzaldiko zuzendaria pozez zoratzen agertu da komunikabideen aurrean, Juan Karlos Izagirre alkatearekin eta Nerea Txapartegi udaleko aholkulariarekin batera. Izan ere, 155.434 ikusle izan ditu bukatu berri den 48. Jazzaldiak, antolatzaileek egindako kalkuluen arabera. Jazzaldiko zuzendariaren arabera, 2008koa izan zen orain arteko jaialdirik jendetsuena, 150.000 ikuslerekin. “Puntako artisten musikaz gozatzeko aukera izan dugu hirian, eta herritarren harrera sekulakoa izan da”, adierazi du alkateak.
Guztira, 84 kontzertu izan ditu jaialdiak, eta horietatik 57 doakoak izan dira. Ikusleei dagokienean, aurreko urteetako joera mantendu dela aipatu dute eta %90 doako kontzertuetan bildu dela, gainontzeko %10 ordaindutako kontzertuetan egon den bitartean.
John Zornen Masada Marathon azpimarratu nahi izan du Martinek, aurreikuspen guztiak gainditu baititu bere hitzetan. Kursaalen izan zen ikuskizunean 12 taldek parte hartu zuten, eta adituen arabera, Zornen ikasleek sekula eskainitako kontzerturik onena izan zen. “Historiako Jazzaldirik onena izan da”, aipatu du Miguel Martinek. Hala, euriagatik bi kontzertu bertan behera utzi behar izan dituzten arren, erantzun artistiko bikainak horri aurre egin dio Martinen ustez.
Nerea Txapartegik aurtengo Jazzaldian emakumeen ahotsak presentzia berezia izan duela nabarmendu du, eta Txikijazz jarduerak izandako arrakasta ikusita antolatzen jarraitzeko asmoa dutela aurreratu du. Aldi berean, birziklatzearen alde egindako apustu sendoak erantzun oso ona jaso duela azpimarratu du Txapartegik.
Datorren urteko Jazzaldia uztailaren 23tik 27ra izango dela ere aurreratu dute.