Donostia 2016 egitasmoaren ordezkaritza Bruselan. (Argazkia: Donostia 2016)
Itziar Nogeras zuzendari orokorraren esanetan, “oso emankorra izan da bilera, informazio-trukea
izan da nagusi eta giroa adeitsua”
“Bileratik lasai atera gara, batzordekideekin proiektuaren baitan izandako aurrerapausoaz aritu gara, lantalde berriaz eta baita egoitza berriaz ere -Easo kaleko suhiltzaileen egoitza zaharra-, zeina denbora gutxi barru Donostia 2016ko erakusleiho eta sozializazio-gune bihurtuko den”, azaldu du Itziar Nogerasek. Donostia 2016 egitasmoaren ordezkaritzak Bruselan lehen jarraipen txostena aurkeztu ondorengo hitzak dira zuzendari orokorrarenak. 2016-ECOC (European Capital of Culture–Europako Kultur Hiriburu) Jarraipen eta Aholkularitza Batzordearen aurrean egon dira ere Juan Karlos Izagirre alkatea eta Donostia 2016 Fundazioko presidentea, Guadalupe Echevarria kultur zuzendaria, Igor Otxoa proiektu berezien arduraduna, Mattijs Mausen nazioarteko aholkularia eta Garbiñe Muñoa finantza zuzendaria.
Jarraipen eta aholkularitza batzordeak azpimarratu du 2016an hiriburutza arrakastatsua lortzeko beharrezkoa dela gizartearen maila guztietan aliantza-sare sendoa eratzea eta, bestalde, hiriak trebatua egon behar duela horrelako tamaina duen gertaerari harrera egiteko. Halaber, ezinbestekotzat jo du batzordeak babesle pribatuen plangintza bat eta komunikazio-estrategia aproposa bermatzea, biak baitira giltzarri hiriburutzaren arrakasta lortzeko.
“Jakin badakigu 2016rako bidean zailtasunak eta eskakizunak egongo direla. Hala izan behar du hiriburutzaren proiektuaren tamaina ikusita, bertan sekulako aniztasuna baitago, bai proiektu kulturaletan, gaietan eta baita eragileengan ere”, adierazi du Nogerasek.
ECOC izendapenak jarraipen-garai bat ezartzen du hiria Europako Kultur-Hiriburua hautatzen denetik ekitaldia hasi arte. Egitasmoaren helburuen eta irizpideen inplementazioaz arduratzen da Jarraipen eta Aholkularitza Batzordea; eta ECOC-ei babesa eta laguntza ematen die. Aholkuak emateko eta ekitaldiaren prestatze-lanak aztertzeko bi aldiz biltzen da. Izan ere, batzordeak europar dimentsioa duen kalitatezko programa bat bermatzeko laguntza ematea du helburu. Bestalde, hautatze-garaian hartutako konpromisoak betetzen direla egiaztatzen du.
Lehenengo jarraipen-bilera izan zen atzokoa. Eta 2015ko udaberrian izango den bigarren bileraren ostean, DSS2016EUri Melina Mercouri Saria emateari buruzko gomendioa emango du batzordeak.
Atzo Bruselan izandako bileran Jarraipen eta Aholkularitza Batzordeko kideek ez zuten baloraziorik eman DSS2016EUko kideek proiektuaren aurrerapausoei buruz esandakoaren inguruan. Batzordearen gomendioak eta ekarpenak jakitera emango dira azaroan.