Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Harkaitz Canok ikuskizun berezia eskainiko dute
Gerra, oroitzapena eta berreraikuntza islatuko dituen kontzertu-programa berria aurkeztu du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, Esnatu baso ilunean, esnatu izenburupean. Orkestraren enkarguz, Harkaitz Cano idazleak testu batzuk sortu ditu espreski kontzertuetarako, eta idazleak berak errezitatuko ditu. Hala, 1813an Donostiak jasandako sutea eta ondorengo berreraikuntza oroituko dituzte orkestrak eta Canok, emanaldi berezia osatuz. Jun Markl alemaniarra izango da orkestrako zuzendaria. Kontzertuen aurkezpena egin dute goizean, orkestraren Miramongo egoitzan, eta zuzendariak esan du oso berezia dela historiarekin zerikusia duen proiektu honetan parte hartzea, gainera, musika eta hitzak erlazionatuz. “Eduki benetan sakona izango du kontzertuak, musika zein hitzen sakontasunagatik”, aipatu du Marklek.
Harkaitz Canok bi testu prestatu dituela azaldu du, bata euskaraz, eta bestea, gazteleraz. Iluntasunetik argitasunerako bidaia izango dela dio Canok.
Mahlerren ‘Totenfeier’, Ravelen ‘Pavane pour une infante defunte’ eta Olivier Messiaenen ‘L ascension’ interpretatuko ditu orkestrak.
Kursaaleko Auditorioan izango dira kontzertuak, urriaren 17an eta 18an, hau da, bihar eta etzi, 20:00etan. Sarrerak salgai egongo dira Kursaaleko leihatilan, kontzertuen egunetan, eta kutxabank.es webgunean.