Euskal Herriaren 50 mapa bildu ditu Jose Mari Esparzak San Telmo Museoan
Tafallako historialariaren ‘Nazio baten mapak’ liburuaren laburpen gisa osatu dute erakusketa, ‘Euskal Herriko mapak. Euskal Herria kartografian eta testigantza historikoetan’ izenburupean.
Euskal Herriko mapak. Euskal Herria kartografian eta testigantza historikoetan izeneko erakusketa zabaldu dute gaur San Telmo Museoko Laborategi gunean, eta urriaren 29a arte egongo da ikusgai. Zehazki, Jose Mari Esparza historialariaren Nazio batentzako mapak liburuan du jatorria erakusketak. Libururako 100 mapa baino gehiago bildu zituen Esparzak, eta horren laburpena da erakusketa, 28 paneletan banatutako 50 mapekin. Goizean bertan egin dute erakusketaren aurkezpena, eta bertan izan da Esparza bera. Esparzaren hitzetan, historian zehar asko hitz egin da euskaldunen hizkuntzaz, gastronomiaz, ohiturez… baina gutxi kartografiaz; beraz, hutsune hori betetzeko asmoz hasi zen lanean. “2.000 urtez sekulako erasoa jasan du Euskal Herriak, herri asmatua eta faltsukerian oinarritua zela esan izan dute; arraroa da, estatu diren beste herrialde batzuk baino lehenago hitz egiten baitzuten bertako idazleek Euskal Herriaz”, azaldu du.
Guztira, 25 artxibategietatik igaro da Esparza bere ikerketa lana burutzeko. “Beti buruan izan dugun Euskal Herri hori islatua ikusi dut”, aipatu du Esparzak. “Estaturik gabeko herrialde batek halako kartografia zabala izatea harrigarria da, estatu askok nahiko luketena da”, gehitu du. Hala, erakusketan bi elementu topa daitezke Esparzaren hitzetan. Kartografia bera, nola erreproduzitu izan duten Euskal Herriaren irudia bereziki XVI. mendetik aurrera; eta ahozko kartografia, mapa horien gainean egin diren interpretazioak. Bilduma osatzeko kartografian aditua den Ramon Oleagaren aholkularitza zientifikoa jaso dute.
Dagoeneko Euskal Herriko hainbat herritatik igaro da erakusketa, baina Donostiakoak badu berezitasun bat, ibilbidea kronologikoan jarri dituztela mapak, eta San Telmo Museoak berak errekuperatutako bost mapa bildu dituzte. Gainontzeko mapak, bilduma pribatutakoetatik eskuratu ditu Esparzak.