Likantropiaren bertsio bat sortu dute Harkaitz Canok eta Iñaki Holgadok
http://youtu.be/UcyftkL5FXs
‘Zebra efektua’ komiki bilduma aurkeztu dute; Xabiroi bildumaren seigarren zenbakia da.
Ilargi betero larruz aldatzen dira istorio honetako protagonistak, beltz izatetik zuri izatera.
Donostian eta komikiz inguratuta aurkeztu dute Xabiroik urtero argitaratzen duen komiki bilduma, Luis Gascaren bildumaren egoitzan. Ikastolen Elkartearen Xabiroi komiki aldizkariak hiru ale argitaratzen ditu urtean, eta bertan jasotako materialarekin komiki bilduma bat osatzen du urtero. Aurtengo bildumaren egileak Harkaitz Cano idazlea eta Iñaki G. Holgado ilustratzailea dira. Dani Fano bildumaren arduradunak azaldu du “izatezko bikote hau” beteranoa dela Xabiroiren bilduman. Izan ere, duela bost urte Piztia otzana argitaratu zuten elkarrekin. Aurten Zebra efektua komikiarekin itzuli dira bilduma honetara. Eta hirugarren lan bat ere prestatzen ari dira elkarrekin, hala azaldu du Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko arduradunak.
Thriller baten moduan hasten da Zebra efektua, AEBetan, 2007an. Eta Tarantinoren filmen moduan, bi hiltzailerekin abiatzen da kontakizuna. Likantropia mota diferente bat azaltzen du. Kasu honetan ez da giza otso baten istorioa: pigmentazio aldaketa baten madarikazioaren menpe bizi diren pertsonaiak dira. Beltz zirenak txuri bilakatzen dira ilargi beteko gauetan. Azal aldaketa bat dakar madarikazio honek. Zein abantaila, ondorio eta desabantaila ekartzen dizkie pertsonaiei testuinguru, ogibide eta garai desberdinetan? Metamorfosi horrek zer ekar dezake alde eta kontra? Hortik sortzen dira komiki honetako istorioak. Denboran atzerantz egiten du, esklabotzaren garaira iritsi arte, XIX. mendea arte. Hari bat atzerantz doa belaunaldiz belaunaldi, ikusiz maldarikazio hau nondik datorren.
Iñaki G. Holgado errenteriarrak “bizitza osoa” darama komikigintzan. Bere lan gehienak AEBetan eta Frantzian aurkeztu ditu. Dani Fanok komikia egiteko zailtasunak azaldu ditu prentsaurrekoan: “Esaten da ez dagoela euskarazko komiki kultura bat, baina sortzen duzunean badago erantzuna, oso ondo saltzen da eta, beraz, badago merkatu bat eta badago kultura bat”. Canok ere komikigintzaren garrantzia azpimarratu du: “Komiki tradizioa ez duen edo bultzatzen ez duen herri batek ez du sekula zinema onik izango”.
Telebista eta zinema oso ertsiak direla azaldu du idazleak: “Lau dekoratu dituzu, oso murritza da pertsonaien saila. Komikia alde horretatik begiratuta askatasun eremu bat da. Komikian berdin da gauez edo egunez filmatu nahi duzun, zein eguraldi nahi duzun, hegazkin istripu bat nahi duzun… Hori guztia gidoilariak eta marrazkilariak adosten dute. Zineman ez bezala. Hori bezalako txorakerietan askatasun eremu handia da telebistaren ondoan komikia. Komikia zinema perfektua da niretzat”.