Ancora elkarteko Alberto Fernandez, Montserrat Fornells, Mikel Alonso, Juan Ignacio Garcia Velilla eta Jose Maria Unsain. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Arte Ederren eraikina eraisteko helburua lortzeko, SADEk herritarren segurtasuna ahotan hartu duela salatu du Ancora elkarteak.
“Erortzeko zorian dagoela diote, baina espekulazio hutsa da. Ez dago hori egiaztatzen duen sententziarik. Gezurra da”. Ancora elkartea haserre agertu da SADEk Arte Ederren eraikinaren inguruan plazaratutako azken adierazpenengatik: “Hiritarren segurtasuna ahotan hartu dute modu interesatuan. Eraikina oinezkoentzako arriskutsua dela esan dute. Kupula eta balkoiak eraitsi eta eraikina hesitzeko eskatu dute. Arriskua badago, eraikina konpondu egin behar dute derrigorrez, baina ez dute zertan eraitsi behar”.
SADEk adierazitako “espekulazioak” gelditu nahi dituela esan du Ancorak: “Ez dago Arte Ederren eraikinaren egoeraren inguruko sententzia tinkorik. 2001ean Auzitegi Gorenak egindako sententzia modu interesatuan erabili dute. Sententzia horrek ez dio inola ere eraikina erortzeko zorian dagoenik”. Sententzia horren arabera, espediente bat ireki beharko lukete eraikinaren egoera zehazteko. Hain zuzen, SADEk espediente hori zabaltzeko prozesua hasi duela ohartarazi du elkarteak.
Jabeak, SADEk, eraikina erortzeko zorian dagoela egiaztatzeko udalari espediente bat egiteko eskatu diola, eta eraikinaren egoeraren inguruko azterketa bat aurkeztu diola azaldu du Ancorak. Azterketa horretan eraikinak egun dituen kalteak aurkeztu dituzte, eta bertan jasotako datuak “beraien erara” interpretatu dituztela uste du Ancorak: “Txostenak ez dio eraikina erortzeko zorian dagoenik. Eraikineko zenbait elementu konpontzeko beharra azaltzen du, noski. Baina egoera berean dauden hainbat eraikin daude hirian, eta ez daude eraisteko arriskuan”. Kalteak konpondu beharrean, eraikina hesitu nahi dutelako kexu da elkartea: “Kupula eta balkoiak eraitsi, eta eraikina hesitu nahi dute. Helburua argia da, herritarrek eraikina salbatzea ezinezkoa dela pentsatzea nahi dute”. Konponketak egitearen kostua, eraikina hesitzearen erdia izango zela azaldu dute.
Txosten honen bidez herritarrak izutu nahi dituela salatu du, eta udalari presioa egin nahi diola Arte Ederren eraikina bota dezan. Elkarteak beharrezkotzat jo du beste txosten bat egitea, “inpartziala izango dena”.
SADEK aspaldi eraikinaren aurkako “gerra” hasi zutela salatu du Ancorak: “Ez du ezer egin eraikina babesteko eta ondo mantentzeko. Jabego pribatu gisa, bere ardura da eraikina zaintzea”. Azken konponketak udalak berak ordaindu behar izan zituela azaldu dute. “Ez da hondakin bat, harribitxi bat da”, defendatu du.
Arte Ederren afera udaleko teknikarien esku dago egun. Tragediarik handiena, Ancoraren ustez, udalak Arte Ederren eraikina eraisteko baimena ematea izango zen. SADEk Arte Ederren eraikinean egin nahi duen hotelaren proiektua eta eraikin historikoa babestea ez direla bateragarriak dio elkarteak: “Iruzurra da jendeari azaldu dioten proiektua. Arte Ederren eraikina bota egingo dute, ez dute ezer gordeko. Bota eta beste eraikin bat egingo dute. Jabego pribatua bada ere, ondare publikoa da. Ezin dugu ondare hau desagertzen utzi”.