Gurutze Gorriaren ekimenez elkartasun kontzertu bat eskainiko du Donostiako Orfeoiak
Emanaldia Viktoria Eugenian izango da azaroaren 27an, eta bildutako diru guztia ‘Orain inoiz baino gehiago’ kanpainara bideratuko dute.
Krisi ekonomikoaren eraginez geroz eta familia gehiago dira alde bateko edo besteko laguntzak jaso behar izaten dituztenak. Horren jakitun, ‘Orain inoiz baino gehiago’ kanpaina abiatu zuen Gurutze Gorriak 2012aren erdialdean, eta Gipuzkoako 2.875 familiei lagundu zien. Zehazki, kit deserdinak ematen dizkiete familiei hilabetea pasa dezaten: barne higienerakoak, etxea garbitzeko produktuenak, haur jaio berrientzakoenak… aurten ere familia askori ari dira euren laguntza eskaintzen, eta kanpaina hori babesteko helburuarekin, elkartasun kontzertu bat antolatu du elkarteak. Hala, Donostiako Orfeoiak Gurutze Gorriari kosturik suposatuko ez dion kontzertua eskainiko du Viktoria Eugenia Antzokian, azaroaren 27an, 20:00etan. Sarrerek 20 euroko prezioa dute eta dagoeneko eros daitezke, antzokiko txarteldegian bertan edo Internet bidez.
Aurreko urteren batean ere antzeko kontzerturen bat antolatu duten arren, kanpaina honi zuzenduta egingo duten lehenengoa izango da. Hala, gipuzkoar guztiei bertaratzeko deia luzatu diete Gurutze Gorriko arduradunek. Gainera, kontzertura joaterik ez dutenentzat 0 ilara delako kontu korrontea zabaldu dute, nahi duenak bere laguntza eman dezan: 3035 0050 71 0500046056.