Olatz Bravok haurrentzako bere lehenengo bi liburuak idatzi ditu
blog baten bidez liburuen jarraipena egingo dute.
Erein argitaletxearekin kaleratu ditu Amarako idazleak Izotz zuloa eta Hiru dragoi ipuinak; ilustrazio lanak Ainara Azpiazuk eta Alicia de Miguelek egin dituzte.
Amatasunak bultzatuta, haur literaturako bere lehen liburuak idatzi ditu Olatz Bravo amaratarrak: Izotz zuloa eta Hiru dragoi. Ainara Azpiazu hernaniarrak ilustratu du lehena, eta Alicia de Miguel donostiarrak bigarrena. Bi lanak Ereinen Sasi guztien gainetik sailaren barruan argitaratu dituzte, eta 4-7 urte arteko haurrei zuzenduak daude. Liburuen aurkezpena egin dute gaur eguerdian, eta oso pozik agertu da idazlea: “Gaur amets bat bete dudala esan dezaket”.
Izotz zuloa ipuinak Marko izeneko pinguino bat du protagonista, eta gurasoek bigarren seme-alaba izatean gertatzen diren tirabiren inguruan dihardu. Hiru dragoi ipuinean, berriz, Ekiñe da pertsonaia nagusia. Bere aitak hiru dragoi oparitu dizkio triste ez egoteko, eta magia gabeko lurraldera bidaiatuko du. Azken batean, benetako laguntasunaz hausnartu duela onartu du Bravok.
Eskutik eskura ibiliko dira
Bi liburuak ohiko modura erosteko aukera egongo da, baina aldi berean, Eskutik eskura ibiltzeko jaio dira. Hala, Donostia, Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Baionako kaleetan liburu bakoitzaren bi ale utziko dituzte, gaur bertan hasita. Barruan eskutitz bat eramango dute, eta eskuartean hartzen duenak ipuina etxera eramateko aukera izango du. Haurrek liburua eraman, etxean irakurri, eta berriro ere kalean uztea da helburua, beste batek irakur dezan. Jarduera aurrera eramateko gurasoen laguntza eskatu dute, liburua non uzten duten adieraziz. Hala,