Lyongo espetxean preso dagoen Urko Labakaren eta gainontzeko euskal presoen "egoera larria" salatu dute
Joan den hilabetean Herrerako presoak bertako langileen aldetik jasandako jipoia salatu zuen.
Prentsaurreko jendetsua egin dute Herrerako plazan, ehun lagun inguruk, gaur goizean. Urko Labaka auzotarra eta beste hainbat euskal presok Lyongo espetxean jasaten ari diren egoera salatu dute bertan, eta azkenaldian izandako gertaeren berri eman dute. “Lyongo espetxean dauden euskal presoek pairatzen duten egoera jasangaitza da. Gure lagun eta senideek, 2011ko martxoaz geroztik hainbat lorpen izan dituzten euren egoera hobetzeko; lorpen horiek guztiak deuseztatzeko saiakerak nabarmenak izaten ari dira ordea. Egoera hori salatzeko protesta ugari egiten hasi dira”, aipatu dute prentsaurrekoan.
Hala, “egoera larria” dela salatu dute behin eta berriz. Joan den hilabetean, esaterako, Labakak berak bertako langileen aldetik jasandako tratu txarra eta jipoia salatu zituen. “Guk ere senide, lagun eta euskal presoen bizi baldintza duinen eskubideekin sentsibilizatuak garen herritarrok, kanpaina bat abian jartzea erabaki dugu, egoera honen errudunak salatuz”. Jakinarazi dutenez, eskutiz bidalketa masibo bat egin diote Lyongo espetxeko zuzendariari eta eta baita epaile bati ere, eta mila sinadura baino gehiago bildu dituzte. Azaroaren 30ean espetxera martxa bat egiteko asmoa zuten, baina momentuz bertan behera uztea erabaki dute. Izan ere, asteartean, espetxeko zuzendariarekin biltzea lortu zuten bertako presoek, eta egoera horiek berriz gertatuko ez direla hitz eman die.