Harrizko txalaparta da Oreka TXren diskoko protagonista
‘Silex’ izena du lan berriak eta “taldearen soinua” duen diskoa dela ziurtatu du Harkatiz Martinez de San Vicente txalapartari añorgatarrak.
Oreka TX taldeak Silex diskoa aurkeztu du, taldearen hirugarren lana, hain zuzen ere. Harkaitz Martinez de San Vicente añorgatarra eta Mikel Ugarte lezotarra dira Oreka TX taldearen oinarria, beraiek osatzen baitute txalapartari bikotea, hala ere, inguruan musikari gehiagoren laguntza izaten dute, eta oraingoan ere hala izan da. Gainera, ohikoak ez dituen kolaboratzaileak izan ditu Oreka TXk; Alos Quartet harizko laukotea eta Kalakan. “Talde izaera” eta “taldearen soinua” duen diskoa dela ziurtatu du Añorgako musikariak, eta izenaren nondik norakoak azaldu ditu: “Material askorekin lan egin izan dugu, egurra, harriak… harriak afinatzen denbora asko eman dugu eta azkenean hiru oktabako litofonoa lortu dugu, harrizko txalaparta”.
Azken batean, diskoan harrian izan duen garrantzia nabarmendu dute. “Kantu berriak sortzen hasi ginenean harriaren familia handitzen hasi ginen, eta 27 harriz osatutako txalaparta sortu dugu. Musika egiteko aukerak biderkatu dizkigu. Tresna berri baten aurrean ginela konturatu ginen bukatutakoan, kontrolatzen ez genuen tresna berri bat gainera”, azaldu du Ugartek. Harriak afinatzeaz gain, badute beste berrikuntza bat, makilen ordez afinatutako kainaberak erabili baitituzte harrien gainean jotzeko. “Soinu bitxia sortzen da kainaberak harriarekin fusionatzean”, gehitu du Ugartek. Abestietako hitzak Jon Maiaeta Uxue Alberdi bertsolariek sortu dituzte bereziki.
Silex, 15 kantuko diskoa, Herritmo proiektuaren barnean dago, baina bertan, Kukai dantza taldeak eta Kalakan musika taldeak ere parte hartuko dute, eta oraindik ezin izan dute gehiegi aurreratu. Herritmoren aurkezpena abenduan egingo dute eta urtarrilean iritsiko da ikuskizuna Donostiara.