Naiara Sampedro Gehitu eta Acasgiko kideekin batera, HIESaren aurkako xingola gorriarekin. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Datorren igandean, abenduak 1, HIESaren aurkako eguna da, eta Donostiako Udaleko Giza Eskubideen atalak hainbat jarduera antolatu ditu Acasgi, Ehgam, Gehitu eta Harri beltza elkarteekin batera.
Xingola gorria da HIESaren aurkako ikurra eta ostiraletik aurrera hiriko hainbat eraikinetan jarriko dute aldarrikapenekin bat eginez. Ostiralean, adibidez, Kursaalaren argi guztiak piztuko dituzte xingola gorria irudikatuz. Udaletxean eta autobusetan ere jarriko dituzte ikurrak.
Mavi Tabernero, Gehituko kidearen hitzetan, “borroka txiki asko irabazi ditugu, baina guda galtzen ari gara”. HIESa oraindik isilean sufritzen den gaixotasuna dela gogoratu du Tabernerok. “Nola kutsatzen den, nola ekidin daitekeen badakigu, tratamentuak asko hobetu dira eta gaixoek ia bizitza normala egin dezakete, baina oraindik gazte asko kutsatzen dira”, esan du.
Euskal Autonomia Erkidegoan ia 200 pertsona kutsatzen dira urtean, horietatik gehienak mutil gazteak dira, gizonen arteko erlazioetan kutsatzen direnak. Horregatik, prebentzioan dagoela gakoa aldarrikatu dute, eta halaxe egingo dute HIESaren kontrako egunean ere.
Egitaraua
Ostiralean Ernest Lluch kultur etxean Francisco Rodriguez Arrondok, Arantzazuko ospitaleko GIB/HIESeko mediku adituak, hitzaldia eskainiko du 19:30ean, eta ondoren
Elige siempre cara dokumentala eskainiko dute.
Abenduaren 1ean, igandean goizeko 10:00etatik 12:30era, informazio mahaiak jarriko dituzte Bulebarrean. Ondoren, elkarretaratzea egingo dute, 13:00etan, Kalkutako Teresa plazan, HIESaren oroimen ikurraren ondoan.
Azkenik, abenduaren 3an, Liburutegi Nagusian Jorge Garrido Fuentesek hitzaldia emango du arratsaldeko 19:00etan, eta ondoren,
Implicate film laburra erakutsiko dute.