"Inolako oinarririk eduki gabe, kasua epaiketara iritsi izana bera salagarria da"
D3Mren (Demokrazia 3 Milioi) kanpaina egin eta hauteskunde delitua egotzi zieten 25 laguni 2009ko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen harira. Urrian egin zuten epaiketa, Egiako epaitegian. Aste honetan, Donostiako 5. Zigor Auzitegiak guztiei absoluzioa ematea ebatzi du. Epailearen arabera, ez da frogatu auzipetuek haiei inputatutako delituak egini izana.
Nerea Redondo egiatarra auzi honetako auzipetuetako bat izan da. Sententziak jasotzen duenarekin “oso pozik” daudela adierazi du, “horixe baita guk aldarrikatu genuena, epai zentzudun bakarra auzipetu guztien absoluzioa zela”. Epaiketa honen atzean juridikoa ez den motibazioren bat zegoela uste du Redondok: “Inolako oinarririk eduki gabe,
kasua epaiketara iritsi izana bera salagarria da”, jarraitu du.
Zigor eskaera larriagoei aurre egin behar dieten herritar gehiago badirela ekarri du gogora, eta elkartasuna adierazi die Madrilen epaitzen ari diren herritarrei, baita halako prozeduren biktima diren herritar guztiei ere. Oinarrizko eskubideen alde eta epaiketen aurka lanean jarraituko dutela berretsi du Redondok, eta bihar larunbata Libre lasterketan parte hartzera deitu ditu herritarrak.