EAJk, PSE-EEk eta PPk auzitara eramango dute Igeldoren desanexioa
Udaleko oposizioko taldeen ustez, Gipuzkoako Diputazioaren erabakia ez dator bat indarrean dagoen legeriarekin.
Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuen kontseiluak Igeldo Donostiatik bereizi eta udalerri izateko hartutako erabakia auzitara eramango dute PSE-EEk, EAJk eta PPk. Donostiako Udaleko osoko bilkura egingo dute gaur. Oposizioko hiru alderdiek bat egingo dute, eta helegitea jartzearen alde bozkatuko dute.
PP eta PSE-EEk gaurko udalbatzarrerako aurkeztu zituzten erakunde adierazpen eta mozio guztiak atzera bota dituzte. “Benetan garrantzitsuena Igeldo da; Igeldoren inguruan hitz egin nahi dugu”, esan zuen Gascok. Ez badute hala egiten, udalbatzarrak aurrera jarraitzen badu, udalbatzarra utzi eta aretotik aterako dira, protesta gisa. Donostiako PSE-EEk eta PPk prentsaurrekoa elkarrekin eman zuten, eta Juan Karlos Izagirre alkatearen aurka gogor mintzatu ziren. «Izagirre, Igeldoko bizilagun gisa, jada ez da donostiarra. Dimisioa eman beharko luke, eta Igeldoko batzorde kudeatzailea gidatzera joan, ez baitu Donostia ordezkatzen», esan zuen Ernesto Gasco zinegotzi sozialistak.
PSE-EEren eta PPren dimisio eskaerari erantzunez, Juan Karlos Izagirre alkateak adierazi du oposizioko alderdiei galdetu behar zaiela ea gehiengoa errespetatzea eta politikoki koherentea izatea arrazoi nahikoak diren dimisioa eskatzeko. Hilaren 27rako Igeldori buruko ezohiko batzar monografiko bat antolatu du udal gobernuak.