Emakumeen ahotsak nagusituko dira 'Emeki kantuz' ikuskizunean
Amaia Zubiria, Ines Osinaga eta Miren Amuriza arituko dira kantuan, besteren artean, Viktoria Eugenia Antzokian, Abenduaren 30ean, 20:00etan.
“Europako lirika zaharra andereena zen batik bat, eta bere kantuak ernal indar eta amodio festetakoak omen ziren, paganoak beraz. Erdi Aroko eliza dokumentuetan, berriz, behin eta berriro debekatzen ziren andere kantuak, pagano jatorrikoak eta lizunak zirelakoan”, aipatu omen zuen Joseba Sarrionandiak. Hari horri tiraka aurkeztu dute gaur Emeki kantuz ikuskizuna. Kontzertua Viktoria Eugenia Antzokian izango da, abenduaren 30ean, 20:00etan; sarrerak salgai daude dagoeneko, 15 euroren truke. Emanaldi berezi horretan, belaunaldi, estilo, joera eta molde desberdinetako artistak bilduko dira, guztiak ere emakumeak: Amaia Zubiria, Maddi eta Xelin Oihenart, Maite Itoiz eta John Kelly (Elfenthal), Miren Fernandez, Maixa Lizarribar eta Ines Osinaga, Anai Arrebak eta Miren Amuriza. Mikel Markez musikari errenteriarra da ikuskizunaren ekoizle artistikoa.