II. Bertso derbiaren aurkezpena. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Igandean jokatuko dute Reala eta Athleticen gizonezkoen taldeek Ligako partida, Anoetan (20:00). Eta norgehiagoka honen bueltan egin dute II. Bertso Derbia. Ostiral honetan egingo dute, 19:00etan, Antzoki Zaharrean. Hiru bertsolari txuri-urdin eta hiru zuri-gorriren arteko norgehiagoka izango da taula gainean.
Talde bakoitzak kapitain bat izendatu du. Realarena Amaia Agirre izango da eta Athleticena, Igor Elorza. Kluben webguneetan, herri bozketaren bitartez aukeratu dituzte hauen taldekideak: Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martin ariko dira talde gipuzkoarrean eta Iratxe Ibarra eta Miren Amuriza talde bizkaitarrean.
Reala eta Athleticen arteko futbol partidek betidanik sortu izan dute interesa zaleen artean. Donostiako eta Bilboko taldeen artean badago halako lehia polit bat, eta euren arteko norgehiagokek sortzen duten jakinminaren jakitun, aurreko denboraldian, Bertso derbia antolatu zuten, lehen aldiz, partidaren harira. Bi klubek antolatutako bertso-saio berezia egin zuten Bilboko BBK aretoan, eta lortutako arrakastaren ondorioz, berriro ere antolatzea erabaki dute; baina oraingoan, Donostian.
Ekitaldi honetarako sarrerak agortuta daude.