Olatuek Kaskazuri jatetxeko beira apurtu dute. (Argazkia: Lide Ferreira)
Denboraleak olatu handiak ekarri ditu kostaldera, eta itsasoko ura Parte Zaharreraino sartu zen atzo.
Kalte gehien Kaskazuri jatetxeak jasan ditu. Izan ere, olatuek Salamanka pasealekuko jatetxeko beirate guztia apurtu zuten. “Arratsaldean marea igotzen hasi zen eta 2008an geratutakoa gogorarazi zidan”, azaldu dio Elias Argotek Irutxuloko Hitzari. “Familiakoak bazkaltzen geunden eta atea itxi genuen, baina 19:00etan beste bi olatu handik beira apurtu eta atzeko atetik korrika atera behar izan genuen”. Gaur goizean hasi dira kalteak ikuskatzen eta konpontzen.
Olatuak Salamanka pasealekuan ez ezik, inguruko kaleetan ere sartu ziren. San Juan kalean bizi den emakume batek bere senarrak larrituta deitu ziola azaldu du, Principe zinema aretoaren ondoan olatu handi bat sartu zelako. Gizona kalera jaitsi zen itsasoko ura etxabetaraino iritsi zelako. Aldamar kaleko neska batek 20:00ak aldera aparkatuta zeuzkaten autoak kentzeko abisua jaso zuten eta gaur goizera arte ez da etxera bueltatu. Rekalde taberna itxita zegoen, baina gertatzen ari zena jakin bezain laster, tabernara joan eta egur zati batzuekin ateak babestu zituzten. Hala ere, ura ez zaie sartu eta normaltasun osoz ari dira gaur lanean.
Goizean izan den itsasgorak olatu handiak utzi ditu. (Argazkia: Lide Ferreira)
Goizeko 9:00etan itsasgora izan da eta Parte Zaharrera jendetza hurbildu da olatuak ikustera. Ez dira atzo bezain handiak izan, baina oraindik indarrez jo dute eta Jauregi Jenerala kalean ura sartu da.
Jaurlaritzaren meteorologia zerbitzuak gaur 12:00etara arte alerta horia eman du kostaldean eta Salamanka pasealekua eta Aldamar kalea itxita mantenduko dituzte.