Ehundaka lagunek atxilotuak askatzeko eskatu dute
Manifestazioa egin dute iluntzean, Bulebarretik abiatuta, Guardia Zibilak atzo egindako atxiloketak salatzeko. Bihar, berriz, elkarretaratzea egingo dute, 12:00etan, Alderdi Ederren.
Guardia Zibilak hainbat lagun atxilotu zituen atzo arratsaldean, Euskal Preso Politikoen Kolektibo-ko mintzakideen kontrako operazio baten baitan. Atxilotuen artean daude, Antiguako Jon Enparantza, Jose Luis Campo egiatarra eta Groseko Aintzane Orkolaga. Atxiloketa horiek salatzeko, hainbat mobilizazio hasi ziren atzo arratsaldean bertan. Gaur iluntzean, manifestazioa egin dute ehundaka lagunek, Bulebarretik abiatuta. Konponbideari erasorik ez, utzi bakean Euskal Herria zioen pankartak ireki du protesta, eta “Errepresioa ez da bidea”, “Demokrazia Euskal Herriarentzat”, “Atxilotuak askatu” eta “Indar torturatzaileak kanpora” moduko oihuak entzun zitezkeen bertaratutakoen artean.
Manifestazioa Bulebarrean bukatu da, eta bertan, testu bat irakurri dute. Euskarazko testua Joseba Alvarezek irakurri du, eta bertan jakinarazi duenez, gaur goizean bilera bat egin dute Euskal Herriko hainbat eragilek (ELA, LAB, Lokarri, ESAIT…), eta testu bateratu bat osatu dute. Testu horretan aipatu dute erabat arbuiatzen dituztela gertatutako atxiloketak, eta euren ustez, atxiloketen bidez EPPK-ak duela gutxi emandako “pauso garrantzitsuei” erantzun nahi izan diete. “Estatuko Gobernuak ez du bake prozesuan lagundu nahi, eta oztopoak jartzen ditu aurrera egiteko. Gure herrian etsipena zabaldu nahi duten atxiloketa horiekin”, dio testuak.
Azken batean, “bakearen alde” lanean jarraituko dutela esan du Alvarezek, eta datozen egunetan ere egingo dituzte protestetan parte hartzeko deia zabaldu du. Bihar, esaterako, Alderdi Ederren elkarretaratzea egingo dute, 12:00etan, eta larunbat arratsaldean, Bilbon, manifestazio nazionalerako deia egin dute.