OHZren gainordaina kendu egingo luke EAJk
Zerga honen helburu nagusia, hau da, hutsik dauden etxebizitzei irtenbidea ematea eta alokairua sustatzea lortu ez denez, neurria bertan behera utziko luke EAJk.
Hala adierazi du Eneko Goia, EAJko bozeramaileak. Ez da lehen aldia gainera, jeltzaleak OHZren gainordainaren aurka agertu direna. Etxebizitza hutsei zama fiskala igota, udal langileen lan karga areagotzea besterik ez dela lortu salatu du EAJ, eta baita Udalak diru sarrera gehiago lortzea ere, baina ez alokairuaren merkatuari bultzada ematea.
Gainera, gainordain hau aldi baterako bizileku gisa erabiltzen diren hainbat etxebizitzari ere ezar dakiokeela dio EAJk, eta hori ez dela bidezkoa uste dute, “Donostia oso hiri turistikoa delako”.
Etxebizitza hutsen errolda egiteko modua ere ez dela eraginkorra diote jeltzaleek eta gainordainari jarritako alegazio kopuru altua jarri dute adibidetzat; jarritako alegazio gehienak onartu dituzte. “Errolda ur kontsumoaren arabera egiteak ez du zentzu handirik, etxe askotan kontagailu kolektiboa daukate eta; horixe izan da, hain zuzen ere egindako alegazio gehienen oinarria”, esan du Eneko Goiak.