Kubo aretoan txertatu dute Kutxa Kultur Hiriaren izaera
Gaurtik igandera modaz, arteaz eta musikaz gozatzeko aukera egongo da.
Kutxa Kultur Hiriari esker, 2013an bi txandatan hainbat sortzailek euren trebeziak erakusteko aukera izan zuten Donostiako kaleetan. Zehazki, iazko ekainean eta irailan, Donostia artearen, modaren eta musikaren erakusgarri bihurtu zen, besteak beste. Jarduerak izandako arrakastari heldu, eta Kutxa Kultur Hiriaren antolatzaileek beste pauso bat haratago joatea erabaki dute. Hala, Kutxa Kultur Hiria Kubo antolatu dute, gaurtik igandera. Azken batean, Kursaaleko Kubo aretoa, 80 artista gipuzkoar baino gehiagoren gune bihurtu dute, kalean egindakoa aretoan txertatuz: 50 artista plastiko baino gehiagoren lanak, Edorta Subijanaren arkitektura fotomuntatzeak, 12 diseinatzaileren sorkuntzak eta moda desfileak, zazpi ikus-entzunezko sortzaileren ukitua, eta zuzeneko bi kontzertu.
Erakusketa iraunkor bat bukatu eta bestea jarri arteko tartean izango da Kutxa Kultur Hiria Kuboz gozatzeko aukera. Koloretsua utzi dute Kubo, eta artistak euren lanak erakusteaz harro eta pozik suma daitezke. Gunearen irekiera ofiziala gaur arratsaldean egingo dute, 20:00etan, eta Frank taldeak zuzenekoa eskainiko du bertan. Sarrera doakoa da eta antolatzaileak ziur daude arrakastatsua izango dela.
Egitaraua:
- Gaur, urtarrilak 28. Inaugurazioa eta Frank taldearen kontzertua, 20:00etatik 21:30era.
- Urtarrilak 29. Erakusketa zabalik, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 21:00etara.
- Urtarrilak 30. Erakusketa zabalik, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 21:00etara.
- Urtarrilak 31. Erakusketa zabalik, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 21:00etara. Elkano Browning Cream taldearen kontzertua, 20:00etatik 21:30era.
- Otsailak 1. Erakusketa zabalik, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 21:00etara. Moda erakustaldia, 20:00etatik 21:00etara.
- Otsailak 2.Erakusketa zabalik, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 21:00etara. Bideo Instalazioa, 20:00etatik 21:00etara.