Juan Karlos Izagirre alkatea azalpenak ematen, Oscar Villasante, Jabi Vitoria eta Axier Jaka ondoan dituela. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
2014ko aurrekontu proiektua herritarrei aurkezten hasi da udal gobernua. Altzan egin du lehen bilera, Tomasene kultur etxean, eta ia bi orduz izan da bertan azalpenak ematen. Bilduk aurkeztutako zenbakiei oposizioak osoko zuzenketa aurkeztu dienez, Juan Karlos Izagirre alkateak onartu du zaila izango dela euren aurrekontu proiektua aurrera ateratzea, baina saiatu, saiatu egingo direla. “Lanean ari gara, PSE-EE eta EAJrengana hurbildu nahian”, esan du. PPrekin ez dute hitz egingo, esfortzuak merezi ez duelakoan, “proiektua irakurri gabe osoko zuzenketa aurkeztu zutelako”. Horrenbestez, negoziazio fasean dira udal taldeak. «Egitasmo honek aurrera ateratzeko dituen aukerak ez dira handienak, baina aurrekontua emendatu nahi dutenek azaldu beharko dute zergatik. Horregatik etorri gara honera, aurreikusi bezala, gure proiektua mahai gainean jartzeko», azaldu du Izagirrek.
Otsailaren 12an, Ogasun Batzordea izango dute eta, otsailaren 20an, aurrekontuei buruzko ez ohiko udalbatzarra. «Egoera oparoena adostasuna lortzea litzateke, eta oposizioaren ekarpenekin aurrekontua aberastea”, aitortu du alkateak. “Proiektu honek aldaketak behar baditu, gu prest gaude horretarako. Argi dago edozein egitasmo hobetu daitekeela, baina horretarako serio hitz egin behar da, atal batean diru gehiago jartzeko nonbaitetik kendu behar delako”, adierazi du.
Udal gobernuaren 2014ko aurrekontu proiektuari dagokionez, iazko irizpide berdinak jarraitu dituzte zenbakiak osatzeko garaian. Ekonomia sustatzeko eta gizarte politika bultzatzeko helburua izan dute berriro ere, “behar hori are eta nabarmenagoa delako krisi garaian”, alkateak zehaztutakoaren arabera. Hain zuzen ere, ekonomia suspertzeko plana gauzatzeko 6,4 milioi aurreikusi dituzte; eta gizarte politikari 18 milioi zuzenduko dizkiote, iaz baino %8 gehiago.
Inbertsioetan, berriz, 2013an baino 10 milioi euro gutxiago aurreikusi dituzte. “Hobe da obra handiak garai hobeagoetarako uztea, enplegua sortzeko egitasmoetan eta gizarte politikan murrizketak egitera behartuak ez egoteko”, azpimarratu du alkateak.
Udal gobernuaren aurrekontu proiektuaren kopuru osoa 350.955.783 eurokoa da, iazkoa baino 8 milioi euro gutxiagokoa. “Gure irizpideei jarraituz, ez dugu sartzen zaigun dirua baino gehiago gastatuko. Hori bai, sartzen zaigun diru guztia gastatuko dugu. Hau ez da enpresa bat, non 100 euro bakoitzetik 80 gastatzen diren, eta 20 poltsikora doazen”, erantsi du Izagirrek.
Partaidetza arloko zinegotzi Axier Jaka, Ogasun arduradun Jabi Vitoria eta udaleko Finantza saileko zuzendari Oscar Villasante ere izan dira Altzan egindako lehen bileran. Axier Jakak aurreratu du martxoan irekiko dutela beste partaidetza prozesu bat, auzoz auzo; 2015eko aurrekontua buruan, kasu honetan. Azken urteetan bezala, herritarren ekarpenak jasoko dituzte, “aurrekontuan auzotarren aldarrikapenek isla izaten jarrai dezaten”.
Aurrekontu proiektua aurkezteko hurrengo bilera ostegunean izango da, Loiolako kultur etxean, 19:00etan. Datorren asteartean Grosen izango dira udal gobernuko kideak, Okendo kultur etxean; eta datorren ostegunean, San Telmon. Bilera hauek ere 19:00etan hasiko dira.