June Gonzalez: "Gune sinboliko bat eratzea lortu dugu"
2013. urtean Emakumeen Etxeak 40.000 bisitatik gora jaso ditu eta 60 jarduera baino gehiago egin dira.
Donostiako Emakumeen Etxeak hiru urte bete ditu eta gaurkoan 2013ko jardueren balantzea aurkeztu dute, Okendo kalean duten egoitzan. Bertan izan dira Naiara Sampedro Berdintasun zinegotzia, Laura Gomez Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun saileko zuzendaria, Juana Aranguren Emakumeen Etxeko lehendakaria eta June Gonzalez eta Monica Soho bertako kideak.
“Etxea gero eta errotuagoa dago eta espazioa erreferente bihurtu da”, adierazi du Naiara Sampedrok. Izan ere, 2013. urtean 40.000 bisitatik gora jaso ditu eta egunean 100 emakume baino gehiago hurbildu dira. Gainera, sorreran finkatu zuten filosofiari eutsi diola esan du Sampedrok eta “bizirik” dagoela azpimarratu du. Iaz 30 hitzaldi, 19 ikastaro eta hiru erakusketa egin dira eta Emakumeen Etxean sei proiektu eta bost zerbitzu iraunkor daude.
Bestalde, Monica Sohok esan du benetazko behar eta nahi ugari asetzen dituela eta jatorrizko helburuak betetzen ari direla. “Elkartearekin topagune bat sortu dugu, erreferentziazko leku bat eta gune sinboliko bat eratzea lortu dugu”, erantsi du June Gonzalezek.
2013an hainbat hobekuntza egin dira etxean eta komunikazioaren eta antolakuntzaren eremuan ere urratsak eman dira. Sukaldea izeneko gune berriaren sorreraz mintzatu da June Gonzalez: “Sukaldeak aukera asko eman dizkigu elkarte eta kolektibo feministen artean sinergiak sortzeko eta baita etxean hedatzen diren kontzeptuak kudeatu eta koordinatzeko”.
Kudeaketa partekatua
Etxearen kudeaketa partekatua dela gogoratu du Sampedrok; Donostiako emakume talde ezberdinetan parte hartzen duten emakumeez gain, antolatu gabeko emakumeek ere osatzen dute elkartea. Horiei guztiei eskertu eta zoriondu die zinegotziak. Aurten ere Donostiako Udalak espazioaren erabilerarako hitzarmena sinatu du eta 45.000 euroko diru laguntza emango dio. Helburua emakumeen parte hartzea bultzatzea da, berdintasunezko gizarte bat lortu arte.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere elkartea babestu nahi du eta aurten 39.320 euro bideratuko ditu, iaz baino 10.000 euro gehiago. “Emakumeen Etxean antolatzen diren jarduerak bermatu nahi ditugu eta Gipuzkoako lurraldean emakumeen elkarte eta talde feministak saretzeko eta indartzeko lagungarria izango delakoan gaude”, esan du Laura Gomezek.
Espazio txikia
Okendo kalean duten espazioa “txikia gelditu” zaiela aitortu du Monica Soho Emakumeen Etxeko kideak. “Aurrera eramaten ditugun jarduerak eta etxean lortu dugun bizitasuna oso garrantzitsua eta baliagarria da gizartearentzat. Horregatik, legegintzaldia amaitu baino lehen, gaur egun dugun espazioa baino handiagoa den beste bat izatea gustatuko litzaiguke”. 2017an suhiltzaileen eraikinean espazio bat libre egongo dela gogora ekarri dute eta, beste askok eskatuko zuten arren, beraiek ere eskatzaileen artean egon nahi dutela nabarmendu dute.