Eneko Goia, ezkerrean, udal gobernuko kideen ondoan, gaurko ez ohiko udalbatzarrean. (Argazkia: Lide Ferreira)
2014ko aurrekontua behin-behinean adostu dute gaur egindako ez ohiko udalbatzarrean, Bilduren eta EAJren aldeko botoei esker, joan den astetik espero zitekeen bezala, udal gobernuak eta jeltzaleek euren arteko akordioaren berri eman zutenetik. Orain, aurtengo aurrekontua behin betiko onartzeko bidean, hamar eguneko epea irekiko dute testu berriari zuzenketak egiteko. Behin epe hori pasata, martxoaren hasieran egingo dute 2014ko aurrekontuen behin betiko onarpena.
2014ko aurrekontuak gora-behera asko izan ditu, oso denbora gutxian gainera. Urtarrilaren bukaeran, oposizioko alderdi guztiek osoko zuzenketa aurkeztuko zutela aurreratu zuten, baita iragarpena bete ere. Bitartean, udal gobernuak bere aurrekontu proiektua aurkezteari ekin zion auzoz auzo. Bilduk PSE-EE eta EAJrengana hurbildu nahian zebilela adierazi zuen herritarrekin egindako lehen bileran, eta PPrekin ez zuela hitz egingo jakinarazi zuen, esfortzuak merezi ez zuelakoan; “proiektua irakurri gabe osoko zuzenketa aurkeztu zuelako”. Bost egun geroaro etorri zen albistea, otsailaren 12an; EAJk osoko zuzenketa erretiratu zuen, udal gobernuarekin “aurrekontu alternatibo bat” hitzartu eta gero.
Gaurko ez ohiko udalbatzarrean aipatutako akordio hori berretsi dute, eta EAJk erabakiaren arrazoiak azaldu ditu. “Jatorrian osoko zuzenketa egin genion aurrekontuari, kezkatuta ginelako, ohiko gastuaren eta inbertsioen arteko desoreka zela eta. Inbertsioetan %14 zuen bakarrik aurreikusita udal gobernuak. 2013an inbertsioen kopurua eskasa bazen, are eta eskasagoa izateko bidean zegoen atal hau 2014rako. Minimoen azpitik zegoen, kezkagarria oso”, azaldu du jeltzaleen bozeramaile Eneko Goiak. Otsailaren 2ko denboraleak, ordea, gauzak aldatu dituela nabarmendu du; kalteak konpontzeko diru kopurua adostu dute Bilduk eta EAJk, eta horrek inbertsioen atala handitu du, jeltzaleek eskatzen zuten baldintzetako bat. Goiak azaldutakoaren arabera, 2,5 milioi gehiago aurreikusi dituzte inbertsioetarako. Denboraleak eragindako kalteak konpontzeko 1,8 milioi erabiliko dituzte, eta gainontzekoa hiria mantentzeko lanetarako, kaleetako asfaltatze lanetarako eta etxebizitzak zaharberritzeko, besteak beste. “Aurrekontu hobea egin daiteke? Bai, guk beste bat egingo genuke, baina ulertzen dugu aurrekontu honek gutxienekoak betetzen dituela”, nabarmendu du Goiak. “Ardurarekin” eta “inor baztertu gabe” hartu dutela erabakia erantsi du jeltzaleak.
Juan Karlos Izagirre alkatea pozik agertu da akordioarekin, hiriarentzat «berri ona» delakoan. Aurrekontua osatzeko kontutan hartutako ardatzak ekarri ditu gogora: krisi ekonomikoari aurre egitea, kalitatezko zerbitzu publikoak mantentzea eta inbertsioak ondo zehaztuta izatea. Lehentasunen artean, lanpostuak sortzeko osatutako Ekonomia Suspertzeko Plana aipatu du, 7,3 milioi euro aurreikusi baitituzte horretarako, iaz baino %14 gehiago. Urumearen inguruan egin beharreko lanak nabarmendu ditu, uholdeak saihesteko helburuarekin, eta horretarako 6,3 milioi euro aurreikusi dituztela jakinarazi du. Era berean, gizarte politikak bultzatzeko egindako ahalegina nabarmendu du, iaz baino %5 gehiago aurreikusi baitute aurrekontuan.
PSE-EEk eta PPk, bere aldetik, aurrekontuaren kontra bozkatu dute. EAJ kritikatu dute, egun batetik bestera osoko zuzenketa aurkeztetik aurrekontuak adostera pasa izanagatik. PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok jarrera hori gogor salatu du, bere ustez, jeltzaleek proposatutako aldaketekin aurrekontua %0,7an bakarrik aldatu delako, “0,25, denboraleak eragindako kalteak konpontzeko kopurua kentzen badugu”. PPk hitz gogorrak izan ditu EAJren aurka. “EAJk kritikatu ohi duena babestu du; hots, Bilduk Donostiaren garatzea eta modernizatzearen aurka daraman politika”, azpimarratu du PPko bozeramaile Ramon Gomezek.