Norka Chiapuso: "Publikoaren eta aktoreen arteko harremana aldatzea nahi dugu"
dFERIArekin bat eginez antolatutako jardueren berri eman du arte eszenikoen azokako zuzendariak; Herritar eta profesionalentzat tailer berriak sortzeko, Donostia 2016rekin elkarlanean aritu dira.
Donostia 2016 kultur hiriburutzak bat egingo du aurten ere dFERIArekin. Martxoaren 10etik 13ra egingo duten arte eszenikoen azokan hainbat ikuskizun taularatzearekin batera, jarduera paraleloak antolatu dituzte, Donostia 2016rekin elkarlanean. Jarduera paralelo horiek aurkeztu dituzte gaur, eta horien helburua publikoa arte eszenikoetara beste era batera hurbiltzea dela azaldu du Norka Chiapusok, dFERIAren zuzendariak. “Publikoaren eta aktoreen arteko harremana aldatzea nahi dugu”, zehaztu du Chiapusok. Herritarrei zein profesionalei zuzendutako tailer eta jarduera bereziak antolatu dituzte, eta horien berri eman dute. Chiapusorekin batera izan dira aurkezpenean, Iker Tolosa Donostia 2016ko Kultur teknikaria, eta Euskal Aktoreen Batasuneko Kepa Errasti eta Belen Cruz.
Mugak du lelotzat aurtengo dFERIAk. Tolosaren hitzetan, muga moral, geografiko zein sozialetan barrena hausnartzeko aukera emango du aurtengo azokak. Horretaz gain, ordea, Donostia 2016k “kultur politiken aldaketa” sortu nahi duela dio Tolosak. Hala, teoriaz gain Donostia 2016k dFERIAren hiru jarduera praktiko bultzatuko dituela zehaztu du. Izan ere, herritarrek, aurrez izena emanda, aukera izango dute Tanttaka konpainiarekin egun oso bat igarotzeko, antzerki garaikideko tailerra egiteko, eta egoiliarrentzako sonkuntza laborategian parte hartzeko.
Euskal Aktoreen Batasunak, berriz, profesionalentzako jolas bat antolatu du, sortzaileen sorkuntza lana bultzatzeko. “Hamabi ordutan hiru taldek antzezlan bat sortu beharko dute. Talde bakoitza zuzendari batek, dramaturgo batek eta bost aktorek osatuko dute. Goizeko bederatzietan jakingo du bakoitzak zein talderekin lan egin beharko duen, gaia jasoko dute, eta 12 eta 20 minutu arteko obra bat sortu beharko dute”, azaldu du Kepa Errastik. Gauean, lanak publikoaren aurrean aurkeztuko dituzte, eta talde bozkatuenak sari sinboliko bat jasoko du.
Informazio gehiago lortzeko eta izen emateak egiteko, koldo_doman@donostia.org posta elektronikora idatz daiteke edo 943 483 860 telefonora dei daiteke.
dFERIA 2014, JARDUERA PARALELOAK.
- ANTZERKI GARAIKIDEKO TAILERRA. Martxoaren 4tik 7ra, 18:30etik 21:30era. Irakasleak: Damian Cervantes (Vaca 35), Diana Magallon aktorea eta Jose Rafael Flores ekoizlea eta aktorea. Lugaritz kultur etxean, 15 lagunentzat, gaztelaniaz. Prezioa, 10 euro.
- ZUZENDARITZA ETA ESZENARATZE TAILERRA. Otsailak 21 eta 24, martxoak 3, 17, 24 eta 31; 18:00etatik 21:00etara. Irakaslea, Fernando Bernues. Viktoria Eugenia Antzokian, 15 lagunentzat, gaztelaniaz. Prezioa, 30 euro.
- EGOILIARRENTZAKO SORKUNTZA LABORATEGIA. Martxoaren 8an eta 9an, 11:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 18:30era. Vaca 35 konpainiak egoitzaldia egingo du Seiiru konpainiarekin batera. 2016 Gunean, gaztelaniaz.
- DOKUMENTALA, Notak mugimenduan. Martxoaren 8an, 18:00etan euskaraz, eta 20:00etan gaztelaniaz. Oskar Tejedoren lanaren aurrestreinaldia. Antzoki Zaharrean
- SHOWCASE. Martxoaren 10ean, 13:00etan. Parasite Kolektiboaren Hautsa obraren emanaldia hasi aurretik, Demode Quartet-ek Epa! lanaren lagintxo bat eskainiko du (15-20 minutukoa). Intxaurrondo kultur etxean.
- BILERAK. Sarea, martxoaren 10ean, 9:30etik 13:30era, Intxaurrondo kultur etxean. COFAE, martxoaren 11n, 11:00etan, Viktoria Eugenia Antzokian.
- EZTABAIDA MAHAIA: Aduanas invisibles en las Artes Escenicas. Martxoaren 11n, 16:00etan. Hizlari bakoitza muga batez ariko da: Virginia Imazek generoaren aduana landuko du, Natavidad Villarek elbarritasunena, Karlos Nguemak eta Javier Marchantek jatorri eta etniarena, eta Manuel Muñozek eta Octavio Arbelaezek aduana sozial eta ekonomikoa. Carlos Gil Zamora, ARTEZ aldizkariko zuzendaria izango da moderatzailea. Viktoria Eugenia Antzokiko Txina aretoan.
- TANTTAKA TEATROAREKIN BIZITZEN. Martxoak 12, 12:00etatik 17:00etara. Bazkaria, 14:00etatik 16:00etara.Tanttaka Teatroak lanegun bat emango du parte-hartzaileekin, eta haiek bertatik bertara ezagutuko dute konpainiaren eguneroko martxa, proba-saioak ikusiz eta iritziak eta irudipenak partekatuz Blackbird lana lantzen duten bitartean. Viktoria Eugenia Antzokiaren Areto Balioanitz Bakoitian, 15 lagunentzat, gaztelaniaz. Prezioa: 10 euro.
- EUSKAL AKTOREEN BATASUNAREN ANTZERKI LEHIA. Sorkuntza, martxoaren 12an, 9:00etatik 21:00etara, Donostia 2016ren egoitzan; eta antzezpena, martxoaren 13an, 20:00etan eta 23:30ean, Viktoria Cafen. 2016 Gunean eta Donostiako EABren egoitzan, euskaraz. Hainbat aktore, dramaturgo eta zuzendarik, hiru taldetan banatuta, 12 ordutan, antzezlan bat prestatu eta aurkeztu beharko dute. Lehiaketan profesionalek parte hartuko dute, baina emanaldia herritarrentzat irekia izango da.
- TXOTXONGILLO TALDEARI BURUZKO ERAKUSKETA. Bisita gidatua akreditatuentzat.
- MERCARTES. Arte Eszenikoen merkatua, martxoak 13an, 17:00etan. Viktoria Eugenia Antzokiaren Txina aretoan.
- WORK IN PROGRESS. Martxoak 13an, 20:30ean. Aukeran Dantza Konpainiaren Geltokia obraren emanaldiaren aurretik, Golden Apple Quartet-ek lantzen ari den Mundo intrepido obra berriaren lagintxo bat eskainiko du (15-20 minutukoa). Viktoria Eugenia Antzokian.