ELA eta Gasco «gezurretan» ari direla nabarmendu du LABek
Udal gobernuak lanpostuen eguneratzea erabakitzeko orduan, hainbat funtzionarioren lan baldintzak aldatu egin zituzten. Hala, ika-mikak sortu ziren udalean, funtzionario batzuen soldata jaistea suposatu baitzuen udal gobernuaren erabakiak. Honen harira, ELAk eta Ernesto Gascok egunotan egindako adierazpenak kritikatu ditu LABek, eta sindikatua eta PSE-EEko bozeramailea “gezurretan” ari direla nabarmendu du.
Gascori dagokionez, PSE-EEko ordezkariak esan du sortutako gatazka konpontzeko “neurrigabeko gastuak” sortu dizkiola Bilduk udalari. LABek, ordea, erantzukizuna PSE-EE udal taldeari leporatu dio, Gasco berari bidalitako idatzi batean: “Esaten duzuna, hau da, ‘udaltzainen eta suhiltzaileen erreklamazioek milioi bateko edo biko gastua ekar liezaioketela udalari’ egia balitz, honen erantzulea PSE dela gogorazi nahi dizugu, dagozkien errekurtsoak 2010. urtea baino lehenago egindako dokumentuetan oinarritzen baitira, zu gobernuko taldeko partaidea zinenean. Hitz batean, hau horrela bada, ondorio honen erantzuleak zu zeu eta zure taldea izango zinateke, eta zuk zeuk eman beharko zenituzke argibideak, eskatu beharrean”.
ELAk argitaratutako idatzia ere ez dela zuzena ohartarazi du LABek: “ELAren idatzian gezurrak esaten dira, kontzeptuak eta tokiko gobernu desberdinen jokaerak nahasiz. Lanpostuen balorazioa lanpostuen zerrendaren aldaketarekin nahasten dute. Mugikortasunaren zuzendariak dimisioa aurkeztea eta bere ordainsariak, balorazio prozesua, hitzarmenaren negoziazioa, existitzen ez diren helegite kontentziosoak…. nahasten dituzte. Eta beraien bandoan Arartekoa sartuz, milaka izurriak iragartzen dituzte”.
Arartekoari ere kritika egin dio sindikatuak: “Zortzi hilabete igaro arren gure kexa argitzeko izan duen kolaborazio ezak, auzipean dauden prozedurei buruzko iradokizun eta salaketak behin eta berriro frogatutzat emateak, CPT bat esleitzeko eskaerak eragiten dion funtzionario bat bere erakundeko aholkulari ohia izatearekin batera, kasu honetan duen inpartzialtasuna zalantzan jartzera garamatza”.
Hau guztiari buruz hitz egiteko, LABek prentsaurrekoa egingo du ostiralean, 12:00etan, udaletxean.