Ibilaldi Neurturako laguntzaileak behar dituzte Añorgan
Eskola Arteko Mendi Lehiaketaren irteera bat egingo dute igandean, eta boluntarioak lortzeko bilera deitu dute ostegunerako.
Eskola Arteko Mendi Lehiaketaren Ibilaldi Neurtua egingo dute datorren igandean, martxoak 9, Añorgan. Zehazki, Añorga Kultur eta Kirol Elkarteko mendi atalak du irteera antolatzearen ardura, Gipuzkoako Mendizale Federazioaren eta Amassorrain ikastolaren laguntzarekin. Jarduera egiteko boluntario beharrean daude añorgatarrak, eta guztia antolatzeko, bilera baterako deia egin dute ostegunerako, 19:00etan, Jolas Etxean.
Ikasleen artean Mendizaletasuna sustatzea du helburu mendi lehiaketak. Gipuzkoako edozein ikastetxek har dezake parte lehian, nahi duen haur kopuruarekin, eta izen ematea doakoa izaten da. Honakoak egin behar izaten dituzte partaideek: Euskal Herriko lau tontorretara igo, bi ibilbide motz, eta martxoko ibilaldi neurtuetako batean parte hartu.
Lehiaketaren amaieran Finalistaren Eguna egiten dute, Gipuzkoako eskola mendizaletasunaren festa. Bertan hainbat sari banatzen dituzte, eta mendiko material ugariren zozkatzen dute partaide guztien artean.