Lide Ferreira: 'Marea morea'
Lide Ferreira, kazetaria
Korrika egitea ez dut gustuko. Bat ere ez. Inoiz ez diot zentzurik ikusi. Gehienetan jendeak helburu gabe korritzen du eta nahiko etsigarria iruditzen zait.
Lehenengo Lilatoia ni jaio eta denbora gutxira egin zuten. Garai hartan, 100 partaidek korritu zuten lasterketa. Urteak pasa ahala, kopuru hori handitu da, eta aurten 3.500 emakume baino gehiagok Erdialdeko kaleak hartu dituzte.
25 edizio igaro dira eta, lasterketa honen berri izan dudan arren, ez diot inoiz jaramon handiegirik egin. Gogoan dut iaz saiakera bat egin nuela. Izan ere, nire ikaskide zen Amaiak esatari lanak burutuko zituela esan zidan. Lilatoia aurkeztu behar zuen. Klasean beste alboan nuen Natalia ere bertan izango zen; kasu honetan, korrikalari bezala. Eta ni… Bada, ikustera joango nintzela esan nien. Lotsa ematen dit igande horretan Bulebarrean ez nintzela azaldu esateak, baina halaxe izan zen. Huts egin nuen, aurreko 23 edizioetan bezalaxe.
Gaur, lotsatuta jarraitzen dut, baina igandean musugorri horiek arrosa kolorekoak bihurtu ziren, edo more kolorekoak, nork daki. Irutxuloko Hitzarako Lilatoia jarraitu behar izan nuen. Lan taldean txandakatzen joaten gara eta asteburu bakoitzean kazetari batek albisteak jarraitzen ditu.
Lilatoiko aerobik saioa egiten ari ziren bitartean, Hitza Taldearekin izan nintzen, hamalau lagun etorri ziren, Estitxu lankidea barne, irribarretsu eta gogoz. Hemendik eskerrak eman nahi dizkiet guztiei gure taldea osatzeagatik.
Hasieran neure burua galduta sumatu nuen, bideorako neska bat elkarrizketatzen ari nintzela, patinatzaileen irteerara ez nintzen heldu –horrelakoak gertatzen zaizkigu batzuetan kazetarioi–. Pena. Halere, segituan korrikalarien ondora joan nintzen, korrika ni ere.
Lasterketei buruz, aipatu dizuedan moduan, gutxi nekien nik –eta dakit–, eta plano polita hartzeko nonbaitera igo nahi nuen.
Azkenean, Amaia esataria zegoen oholtzara joan nintzen. Hor goitik 3.500 emakume horiek ikusi nituen, irrikaz zeuden denak, ateratzeko prest.
Oilo ipurdia jarri zitzaidan irudi horren aurrean, eta momentu horretan bertan lasterketarekiko nuen jarrera erabat aldatu nuen. Marea moreak irentsi ninduen.
Helmugara taldeka, besoak altxatuz eta poz pozik iritsi ziren guztiak. Lasterketa bat baino gehiago da, bai. Emakumeen aldeko aldarrikapena da nagusi eta emaitzak ez du axola. Horren isla sari banaketa izan zen. Zenbait saridun ez ziren Alderdi Ederreko terrazara agertu. Euren helburua betea zuten jada.
Datorren urtean 26. Lilatoia egingo dute, oraingo honetan Donostiako Atletikok antolatuta. Ni, modu batean ala bestean, han izango naizela zin egiten dizuet. Eta, ni bezala urte hauetan guztietan paso egin duzuenei, deia luzatu nahi dizuet, lasterketa hau bizi, ikusi eta sentitzea merezi duelako.