Kontsumitzaileen erreklamazio gehienak telefono konpainien ingurukoak dira
Kontsumitzailearen informaziorako udal bulegoak gaur argitaratu ditu iazko datuak, larunbatean ospatu zuten Kontsumitzaileen Eskubideen Mundu Egunaren harira. Guztira 758 erreklamazio izan ziren iaz, eta horietatik %51 telefono konpainiekin izandako gora-beheren gainekoak izan ziren, 390 zehazki. Kontsultak, berriz, 2.352 izan ziren guztira, eta horietatik %27 telefono kontuak izan ziren: 640 kontsulta.
Axier Jaka Ingurumen zinegotziaren arabera, horrelako bulego bat izatea oso garrantzitsua da, kontsumo gaien inguruan informazioa eman eta laguntzeko: “Donostiarrak zuzenean artatzen dituen bulegoa da, gertukoa, kontsumitzaileen eskubideak errespetatzen direla bermatzeko eta kontsumo arduratsuaren alde egiteko”.
Era berean, zinegotziak esan duenez, “kontsumo gizarte batean bizi gara, eta oso garrantzitsua da kontsumitzaile garen aldetik ditugun eskubideak eta betebeharrak jakitea”.
Orain bi urte baino 525 kontsulta gehiago jaso zituen iaz Kontsumitzailearen Informaziorako udal bulegoak. Erreklamazioen aldetik ez da igoera handirik izan: 746 izan ziren 2012an eta 758 iaz.