Koldo Mitxelena Kulturunearen 20. urtemuga ospatzeko erakusketa berezia osatu dute
Nazioarteko 12 artisten lanek osatzen dute ‘Biblioteka eta jakintza. Artxiboak, mutazioak, konfigurazioak’; abuztuaren 9a arte egongo da zabalik.
Koldo Mitxelena kulturunearen 20. urtebetetzea ospatzeko, denboran, espazioan eta lengoaian bibliotekak izan duen aldaerak landu dituzte erakusketa aretoan, Biblioteka eta jakintza. Artxiboak, mutazioak, konfigurazioak izeneko erakusketan. Piedad Solans da erakusketaren komisarioa, eta gaurko aurkezpenean azaldu duenez, liburutegiaren kontzeptua hainbat angelutatik jorratzen du erakusketak. “Gizadiaren erakunde zaharrenetakoa da liburutegia, tenpluekin batera, eta badu sakratutik. Liburutegiak ez dira jakintza zurrun bat, denboran barrena aldatuz eta eguneratuz doaz”, azaldu du Solansek.
Erakusketa osatzen duten lanak nazioarteko hamabi artistek egin dituzte: Ignasi Aballi , Eugenio Ampudia, Fernanda Fragateiro, Dora Garcia, Pablo Genoves, Mariam Ghani, Candida Hofer, Joseph Kasuth, Eva Lootz, Sean Snyder, Montserrat Soto eta Zhou Xiaohu. Hala, erakusketako geletan barrena, artistek egindako instalazioak ikus daitezke. Ignasi Aballik, esaterako, Mapamundi lan bitxia osatu du, urtebetez El Pais irakurri ostean. “Urtebetez egunero egunkaria irakurri eta bertan ateratzen ziren herrialde guztien izenak moztu ditut. Ondoren, hurrenkera alfabetikoan elkarren ondoan itsatsi ditut”, azaldu du Aballik. Hala, zein herrialde agertu diren, zeintzuk ez, zeintzuk gehien azaldu diren… lantzeko aukera izan du artistak.
Bestetik, kulturunearen liburutegiaren pertzeptzio espazial, testual eta kontzeptual batean oinarriturik, lau artistek proiektu zehatzak aurkeztu dituzte erakusketarako: Maider Lopez, Xabier Erkizia, Ricardo Okaranza eta Arrate Rodriguez.”Gela hutsik dagoela dirudi, baina, paretetan, zoruetan eta zapaietan testuak ikus daitezke”, aipatu du Lopezek. Clasificacion Decimal Universal izeneko lana, esaterako, Lopezek egin du, eta bere lanarekin gure ingurua sailkatzen saiatu dela azaldu du. Rodriguezen lana, berriz, liburutegiaren sarreran dago, eta oso leku interesgarria iruditu zaiola aitortu du. “Liburutegiko erabiltzaile asko ez dira erakusketa aretora jaitsiko, beraz, oso leku interesgarria iruditu zait. Marrazkien bidez nire irakurketa desberdinak batzen saiatu naiz. Kristalaren gardentasuna estali dut, eta ezusteko kontzeptua osatu dut; ez baitago gauza bera barruan eta kanpoan”, azaldu du Rodriguezek.
Erakusketa abuztuaren 9a arte egongo da zabalik: asteartetik ostiralera, 16:00etatik 20:00etara; eta larunbatetan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.