Jon Santacana: "Orain atseden fisikoa eta psikologikoa behar ditut"
Sotxiko Paralinpiar Jokoetan bi domina eskuratu ditu eskiatzaile donostiarrak, eta pozik agertu da goizean emandako prentsaurrekoan.
Jon Santacana eskiatzaile loiolatarra harro egoteko moduan dago. Gaurko agerraldian esan duen moduan, ezin izan du nahi adina gozatu Neguko Paralinpiar Jokoetaz, hankeko lesio bat tarteko, baina hala ere, urrezko eta zilarrezko domina banarekin itzuli da Sotxitik. Zehazki, Akilesen zaina puskatu zuen Santacanak, jokoak baino sei hilabete lehenago, eta ez zuela parte hartzerik izango pentsatu zuen. Hala ere, oztopoei behar bezala aurre egin zien, eta jokoetan parte hartzeko gai izan zen. “Oso gogorra izan da, eta seguraski nire gurasoek bakarrik jakingo dute pasa dudana. Egun askotan erreabilitazioan bederatzi ordu egiten nituen. Orain atseden fisikoa eta psikologikoa behar ditut”, adierazi du Santacanak.
Miguel Galindo izaten du proba guztietan lagun Santacanak, duela hamabi urte batu zirenetik. Izan ere, ikusmen arazoak ditu, eta Galindo izaten du gida, bere bidea jarrai dezan. Lesioa iritsi aurretik, bere kirol momenturik onenean zegoela uste du Santacanak. “Lesioagatik izan ez balitz, ziur nago askoz ere emaitza hobeak lortuko nituela”, aipatu du eskiatzaileak. Edonola, %100ean egon gabe, bi domina lortu ditu, eta harro dago.
Orain, aurrera begira, ez daki lau urte barruko jokoetan parte hartuko duen. Momentuz, atseden hartu eta guztiz errekuperatu nahi du, eta datorren urtean Munduko Txapelketaren txanda izango dela gogorarazi du.
Prentsaurrekoaren ostean, Donostiako Udalak harrera egin dio Santacanari, eta oroigarri bat eman dio alkateak.