Historia garaikidea futbolaren ikuspegitik landu du Ekain Rojok
‘Futbola eta nazio eraikuntza Euskal Herrian eta Espainian’ izeneko liburua argitaratu du Herrerako kazetariak, bere Doktorego Tesian oinarriturik.
Euskal Herriko eta Espainiako historia garaikidea futbolaren ikuspegitik landu du Ekain Rojo Labaienek (Herrera, 1983), argitaratu berri dute liburuan: Futbola eta nazio eraikuntza Euskal Herrian eta Espainian. Gizarte eta Komunikazio Zientzietako ikerlari gaztea da ,eta 2013an Doktorego Tesia aurkeztu zuen, futbolaren eta nazio nortasunaren inguruan. Hala, tesiaren zati batean oinarriturik, liburua kaleratu berri du, Utriusque Vasconiae argitaletxearen eskutik. Gaur eguerdian egin dute liburuaren aurkezpena, Udal Liburutegiaren sotoan.
Utriusque Vasconiae argitaletxeko arduraduna da Paulo Iztueta, eta Rojok defendatutako tesiaren aurkezpenean egon ostean, liburua idazteko proposatu zion. Rojori ideia ona iruditu zitzaion, hala bere teoria herritarrengana hurbiltzea lortuko duela uste baitu. “Ekainek argi ikusten du nola futbola funtsean izanik zerbait ludikoa, nola aldi berean, sakonean, interes politikoak eta ideologikoak dituen”, azaldu du Iztuetak. Hala, Rojok argi du zein izan den bere helburua, bai tesiaren bai liburuaren bidez: “Futbolaz asko hitz egiten da Euskal Herrian eta Espainian, eta eztabaida politikoa bihurtu da. Futbola eta politika ez daudela nahastuak dio jende askok, nik teoria hori desmuntatu nahi izan dut”. Izan ere, Rojoren ustez, futbolak herritarrei irtenbidea eman die kolektiboak sortzeko eta errepresentatuak sentitzeko.
IRUTXULOKO HITZA Ekain Rojorekin izan da eta liburuaz eta tesiaz egindako elkarrizketa argitaratuko du.