Jai ederra egin dute Martuteneko haurrek
Urumearen inguruko jolasak eta tailerrak antolatu ditu Haritzalde Naturzaleen Elkarteak auzoko parkean.
Urumea Bizi! lelopean, goiz osoa jolasean igaro dute Martuteneko haurrek. Izan ere, haurrentzako jaia antolatu du Haritzalde Naturzaleen Elkarteak, Martuteneko parkean. Eguraldi ona lagun, jai ederra egin dute eta gurasoek ere parte hartzeko aukera izan dute. Apirilaren 26an Loiolan egingo dute jaia.
Denetik izan dute txikienek goizaz gozatzeko, ipuin kontalaria, Urumearen inguruko jolas didaktikoak, tailerrak… hori bai, hamaiketakoa irabazteko, lanean jarri dituzte Haritzaldeko lagunek. Haur bakoitzak Urumea nola ikusten duen marraztu behar izan du, eta marrazkien truke hamaiketakoa egiteko mandarina eta astoek bultzatutako gurdietan ibiltzeko aukera izan dute. Betiko jolasetan ere ibili dira, zaku lasterketak, lokots bilketa eta sokatira. Gainera, bazkaltzera joan aurretik dantzatzeko aukera ere izan dute, bakarlari batek bere gitarraz giroa alaitu baitu.
San Telmo Museoan dagoen Ura, ibaiak eta herriak erakusketaren herritar agendaren barruan egin dute haur festa. Asteburu honetan Haritzaldek antolatu duen bigarren jarduera izan da, izan ere, Urumearen garbiketa egin zuten atzo, herritarren laguntzarekin.