Aieten anbulategi bat egiteko pausoak ematen hasteko eskatu du PSE-EEk
Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Batzordean sozialisten proposamena eztabaidatu dute.
Donostiako Udalari eskatu diote Osasun sailari jakinarazteko non egin daitekeen Aieteko anbulategia. Kokalekua zehaztu ondoren, lehenbailehen proiektuaren diseinua eta plangintza hasteko eskatu du PSE-EEk. Gainera, Osasun sailari eskatu diote Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuetan osasun zentroa egiteko diru partida emateko.
Enrique Ramos PSE-EEko zinegotziak adierazi du sozialistak eta udalbatza askotan agertu direla Aieten anbulategi bat egitearen alde. Aietek 15.000 bizilagun dituela, eta hiriko zonalde altu batean dagoela azaldu du Ramosek: “Osasuna oinarrizko eskubide bat da. Ezin ditugu auzoak marginatu, eta ezin dugu onartu auzo batzuk egoera txarragoan egotea”.
Aietearrentzat lehentasunezko gaia dela azaldu du Ramosek, eta Eusko Jaurlaritzari eta Bilduri eskatu diote lehenbailehen lanean hasteko: “Ez dugu ulertzen horren garrantzitsua den afera hau horrenbeste atzeratzea, eta Bilduk ez zehaztea anbulategiarentzako kokaleku bat. Eusko Jaurlaritzaren jarrera ere ez dugu ulertzen. Osasuna bere ardura da, eta ez dugu ulertzen zergatik ez duen pausorik ematen”.
Auzo eta Herriak Donostia Indartzen prozesuaren barruan Aiete Kultur Etxean egindako bileran (martxoan) bizilagunek berretsi egin zuten gehien kezkatzen dituen gaietako bat anbulategia dela.