Gazteek euren antzezlanak taularatuko dituzte
Gazteen Antzerki Topaketa maiatzaren 12tik ekainaren 19ra bitarte ospatuko dute.
Antzerkiarekiko grina pizteko asmoz, Donostiako Udalak, Gazteria Zerbitzua eta Donostia Kulturaren laguntzarekin, 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako Antzerki Topaketaren 26. edizioa antolatu du. Guztira, 160 gaztek hartuko dute parte eta hemezortzi antzezlan hainbat eszenatokietan aurkeztuko dituzte. Topaketa maiatzaren 12tik ekainaren 19ra ospatuko dute eta ikuskizun bakoitzaren sarrerak 3 euroren truke eskuratu ahal izango dira.
Naiara Sampedro Gazteria zinegotziak azaldu duenez, ekimen honen bitartez, profesionalak ez diren taldeak sustatu eta euren antzezlanak ezagutzera eman nahi dituzte. Gainera, topaketak kulturaren sormen eta hedapen prozesuan aurrera egiteko ezinbestekoa dela nabarmendu du. Hortaz, parte hartzaileek euren lanak modu profesionalean plazaratzeko aukera izango dute, hiriko lau eszenatokietan: Antzoki Zaharra, Lugaritz kultur etxea, Egiako Gazteszena eta Kontadores Gazte Zentroa. Azken honetan ere taldeek sorkuntza eta entsegu prozesuak prestatu ahal izango dituzte. Eszenaratuko dituzten hemezortzi obretatik zazpi euskaraz izango dira.
Epaimahia antzerkigintzan adituak diren Alvaro Garayalde, Eduardo Galarza eta Maria Alonsok osatuko dute. Garayaldek esan duenez, topaketa lehiaketa bat ez ezik, esperientziak partekatzeko eta harremanak sortzeko espazio bat izatea nahi dute. Ekainaren 19an Lugaritz kultur etxean egingo den festak emango dio amaiera topaketari, azken ikuskizuna eta gero. Bertan sei sari nagusiak banatuko dituzte, baina talde guztientzako ere egongo dira: euren antzezlarekin lortutako sarreren dirua, eta emanaldiaren bideo grabazioa.
Sarrerak 3 euroren truke eskuratu nahi dituenak antzokietako lehiatiletan izango du aukera. Taldeka joan nahi duten ikusleek, aldiz, sarrerak erreserbatu ditzakete, Gazteriako 943 48 19 09 telefonora deituz.
Berrikuntzak
Aurtengo edizioak hiru berrikuntza eskainiko ditu.
– Topaketan parte hartzen duten taldeei 200 euro emango zaizkie, euren muntaiak egiten laguntzeko eta beharrezko materiala eros dezaten.
– Bestalde, Udaleko Gazteria eta Berdintasun sailaren arteko elkarlanari esker, emakumeen parte aktiboa baloratuko dute, antzezle zein bestelako eginkizunetan. Emakumeen rol estereotipatuak ez izatea, eta hauen papera bigarren mailako figurante edo aktore nagusiaren lagungarri gisa ez egotea, egoki baloratuko da.
– Azkenik, topaketaren itxiera saioa Kontadoresen izango da, eta Antzerki Musikala ikastaroa burutu duten ikasleek egingo dute.
Kartelaren diseinua
26. edizioaren kartela Usandizaga Ikastetxeko publizitateko zikloa ikasten duen Yeray Gasconek egindakoa da. Egilearen hitzetan, bi ideia islatu nahi izan ditu: kartelaren zati urdinak ikasle gazteen sakrifikazioarekin eta lan handia egitearekin du zerikusia; zati gorriak, berriz, poza islatzen du.
[box]
XXVI. GAZTEEN ANTZERKI TOPAKETA
- Maiatzak 12, 18:30. Pijama marradunaz jantzitako mutikoa (Santo Tomas Lizeoa B). Gazteszena.
- Maiatzak 13, 20:00. Fronton (EHU Espresio Gunea). Gazteszena.
- Maiatzak 14, 20:00. La Escalera (EHUko UT, Unibertsitateko Teatroa). Gazteszena.
- Maiatzak 15, 20:00. La Ruina (La Rata India). Antzoki Zaharra.
- Maiatzak 16, 20:00. Putopia (Dkdentzia). Antzoki Zaharra.
- Maiatzak 27, 18:30. Itsusiyak kanpora (Santo Tomas Lizeoa A). Lugaritz K.E.
- Maiatzak 31, 19:30. Menditik Paradisura (Binahi Antzerki Eskola). Antzoki Zaharra.
- Ekainak 3, 12:00. Peter Pan (Zurriola Antzerki Eskola). Antzoki Zaharra.
- Ekainak 3, 19:00. Maitasunetik abiatuta, Julieta eta Romeo (Oiartzun). Lugaritz K.E.
- Ekainak 5, 19:30. Cronica de un suicidio imposible (Bidebieta Institutua). Antzoki Zaharra.
- Ekainak 7, 19:00. Julieta eta Romeo 2.0 (Egia kultur etxeko Gazte Antzerki taldea). Kontadores.
- Ekainak 10, 19:00. Horacio (Mundaiz Ikastetxea). Kontadores.
- Ekainak 11, 12:00. Harry Potter (Zurriola Antzerki Eskola). Lugaritz K.E.
- Ekainak 11, 20:00. Criaturas (IVIM Antzerki Eskola). Antzoki Zaharra.
- Ekainak 12, 20:00. Sagu tranpa (Zurriola Antzerki Eskola). Antzoki Zaharra.
- Ekainak 13, 20:00. Peter Pan (Marga Altolaguirre Laborategia). Antzoki Zaharra.
- Ekainak 14, 20:00. La B(r)uta belica (Nasdrovia). Antzoki Zaharra.
- Ekainak 15, 20:00. Dejame ser la sombra de tu perro (Asociacion Teatral Magistorias). Antzoki Zaharra.