Groseko osasun etxean egindako elkarretaratzea. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
LAB sindikatuak deituta,
Kalitatezko zerbitzu publikoak-enplegua sortu leloarekin, elkarretaratzea egin dute Groseko osasun etxearen aurrean. Osakidetzan ematen ari den enplegu suntsiketa salatu dute horrela, 2012 eta 2013 bitartean ia hiru mila kontratazio gutxiago egin baititu Administrazio Publikoak, sindikatu abertzaleko kideek jakinarazitakoaren arabera. Egoera honek langileen lan kargetan, herritarrek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatean eta langabezi tasetan eragin nabarmena ekarri duela azpimarratu dute.
LAB sindikatuko Osasungintza arloko arduradun Leire Garroren esanetan, “oso egoera larria da, enplegua deuseztea ez ezik, osasun sistema publikoa ere kolokan jartzen baitu. Enplegua denon gaia da. Alde batetik, behin behineko hainbat langile etxean daude lanik gabe eta, beste aldetik, egunerokotasunean langile finkoek pairatzen duten lan karga oso handia da”. Alternatiba bat badutela aipatu du, arazoari irtenbidea emateko bidean. “Beste sistema publiko bat eraiki daiteke”, esan du. Bestalde, egun Osakidetzako lan taldea oso adindua dela ohartarazi du, eta horretarako ere badutela plangintza bat jakinarazi du. “Lan taldea gaztetu beharra dago , poliki poliki adinduak erretiratzen joateko. Lan taldea zahartzen ari da, eta lan karga handiagoa denez, plangintza bat beharrezkoa da, gazteei ere aukerak emateko, kanpora joan ez daitezen”, erantsi du Garrok.