Josu Ruiz eta Euken Sese, gaur, udaletxean. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Donostiako Sustapenak, Donostiako Ekonomia Surpertzeko Planaren bitartez, 3,5 milioi euro bideratuko ditu tokiko enpresa txiki eta ertainen ahalmena hobetzeko egitasmoak sustatzeko. Hain zuzen ere, enpresa horien neurrira antolatutako zerbitzu eta diru laguntzen bitartez babestuko ditu enpresa-proiektuak. Hala jakinarazi dute gaur Garapen Ekonomikoko zinegotzi ordezkari Josu Ruizek eta Donostiako Sustapeneko zuzendari Euken Sesek, udaletxean egindako agerraldi batean.
Diru laguntzei dagokienez, laguntza hauek zuzenak izango direla azaldu dute. Innplanta programan 6.000 eurorainoko laguntzak bideratuko dituzte, proiektuen garapenarekin zerikusia duten gastuetarako; Talentu Berritzailea programan 8.000 eurorainoko itzuli beharrik gabeko laguntzak emango dizkiete 30 urtetik beherako gazte gaituei, proiektu estrategiko eta berritzaileak garatu ditzaten; kontratatzeko diru laguntzak e re izango dira, 6.000 eurorainokoak sei hilabeteko lanaldi osoko kontratuetarako, eta 9.000 eurorainokoak kontratatutako pertsonak gutxietsitako kolektiboren batekoak badira; eta Esperientzia programaren bitartez, 8.000 eurorainoko laguntzak emango dituzte, 45 urtetik gorako pertsonak kontratatzeko, lehiatzeko gaitasuna hobetzeko enpresa proiektuak sustatze aldera.
Josu Ruizek azaldutakoaren arabera, “diru laguntzek hiru kolektibo izango ditu kontutan: 45 baino gehiagoko pertsonak, 30 urtetik beherako unibertsitate ikasketak egin dituzten gazteak eta emakumeak. Konpromisoa ekintzekin frogatzen da, eta horixe da egingo duguna. Bizi dugun egoeran ezin ditugu proiektu interesgarriak pasatzen utzi”, esan du Garapen Ekonomikoko ordezkariak.
Diru laguntzak ez ezik, zerbitzu espezializatuak, laguntza jardunaldiak eta informazio saioak ere eskainiko dituzte. Honen harira, 2013an, Donostiako Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan, hiriko 463 enpreseri eman zieten arreta haien eskura jarritako zerbitzuekin.
Datozen hilabeteetan enpresentzako informazio saioak egingo dituzte, Sustapenak enpresen eskura jarritako zerbitzu eta laguntzak xehetasunez azaltzeko. Honakoa da informazio saioen egutegia:
-Maiatzak 27, 12:30etik 14:00etara, Ikus-Entzunezko Berrikuntza Gunean, Zuatzun.
-Ekainak 11, 12:30etik 14:00etara, CEMEI enpresa zentroan, Portuetxen.
-Uztailak 2, 12:30etik 14:00etara, ENERTIC-en, Ubarburu pasealekuan.