Imanol Alvarezek Bera Berako entrenatzaile izateari utziko dio
Erabakia arrazoi pertsonalengatik hartu duela esan du Ermuakoak; “Zerbaitek esaten dit ziklo hau bukatu egin behar dela”.
Urtebeteko kontratua sinatu zuen Imanol Alvarezek Bera Bera Eskubaloiarekin, luzatzeko aukerarekin; denboraldia bukatuta, ordea, ez jarraitzea erabaki du. “Klubera etortzearen erabakia hartzea kostatu egin zitzaidan, eta orain ez jarraitzea erabaki dut. Zerbaitek esaten dit ziklo hau bukatu egin behar dela”, aipatu du Alvarezek berak. Tati Garmendia kirol arduradunarekin batera eman du Ermuakoak gaurko prentsaurrekoa, bere erabakiaren berri emateko. Denboraldia ezin zen hobea izan, jokoan zeuden lau tituluak eskuratu baititu taldeak, ABF Liga, Kopa, Superkopa eta Euskadiko Kopa; gainera, Txapeldunen Ligan ere parte hartu du. Beraz, aurreko denboralditik zetorren mailari eutsi dio taldeak, hala ere, kluba uztea erabaki du Alvarezek. “Arrazoi pertsonalengatik erabaki dut uztea, klubeko guztiekin oso gustura nago. Ez nago etxetik hain urrun, baina gertuago egon nahi dut”, gehitu du Alvarezek.
Garmendiak azaldu duenez, Kopa iritsi baino lehentxeago eskaini zion klubak Alvarezi kontratua luzatzeko aukera, eta denbora eskatu zien. Azkenean, uztea erabaki du. “Guretzako gogorra izan da, lortutako tituluek argi uzten dute lan ona egin duela”, aipatu du Garmendiak. “Ez da erraza izan erabakia hartzea, gainera esperotako helburuak bete ostean. Nire %100 eman dut eta klubeko kideek asko lagundu didate. Bera Bera urteetan gauzak ongi egin izanaren saria jasotzen ari da orain. Bide beretik jarraitu behar du, eta beti ere oinak lurrean izanda”, aipatu du Alvarezek.
Orain, datorren denboraldiari begira lanean ari da jada Bera Bera, eta horretarako taldea zehatz-mehatz zein izango den erabki beharko dute arduradunek. “Datorren denboraldirako aurrekontu murritzagoa izango dugu. Iaz utzitako defizitari aurre egiteko gerrikoa estutu beharko dugu, eta noski, babesle bila jarraitzen dugu”, azaldu du Garmendiak. Momentuz, Veronica Cuñak, Nitsan Dunayk eta Yamilei Rodriguez atezainak ez dutela taldean jarraituko aurreratu du Garmendiak. Hortik aurrera, klubak jarraitzea nahi duten jokalariekin adostasun batera iritsi beharko du. Entrenatzaile berriari dagokionean, Garmendiak aipatu du klubari lotutako norbait izatea gustatuko litzaiekela, edo gutxienez, kluba pixka bat ezagutzen duen norbait.
Bestetik, Txapeldunen Ligako partaidetzari dagokionean, berriro ere arlo ekonomikoaren menpe dago Bera Bera. Esan bezala, iaztik daukaten zuloa kontuan izanik, babesle nagusi baten beharra nahitaezkoa du liga horrek dakartzan gastuei aurre egiteko. Zehazki, ekainaren 11 arteko epea dute partaidetza ziurtatzeko.