Gosari osasungarriak, San Ignacio ikastetxean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Osasun Publikoko zuzendariordetzan (Nafarroa etorbidea, 4) egingo dute jarduera, 17:00etan.
Bihar, maiatzak 28, Elikaduraren eguna da. Hori dela eta,
Osasuntsu jatea dibertigarria da leloarekin jarduera parte hartzaile bat egingo dute Grosen. Osasun arloko profesionalek eta elikadura adituek gidatuko dute saioa, eta elikadura orekatu batek haurren osasunarentzat duen garrantzia azpimarratuko dute.
Hasteko, hitzaldi batean, gizentasunaren ondorioak aztertuko dituzte. Izan ere, adituen arabera, gizentasuna eta gehiegizko pisua arrisku faktore garrantzitsuak dira osasun fisiko, psikologiko eta sozialerako.
EAEn 4tik 18 urte bitarteko haurren %28,1ek gehiegi pisatzen du. Beraz, haurren osasuna ardatz hartuta, elikadura eta beste ohitura batzuk aztertuko dituzte bihar.
Horrez gain, elikagaien erakusketa bat eta tailer praktiko bat ere egingo dituzte. Hamaiketako eta askari egokiak prestatzeko proposamenak ere eskainiko dituzte; kopuru egokiak zeintzuk diren zehaztu eta prestatzeko orduan kontuan izan beharreko hainbat gomendio emango dituzte elikadura adituek.