Esteban Gonzalez Bastida, SShopseko lehendakaria, eta Josu Ruiz, Garapen Ekonomikoko zinegotzia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Elkarlanari esker, 150 lan kontratu lortzea aurreikusi dute.
Donostiako Sustapenak eta SShops, Hiriko Merkatarien Elkarteen taldeak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, Donostiako Ekonomia Suspertzeko Planaren baitan.
Tokiko merkataritzaren lehiakortasuna hobetzea, ekintzailetza sustatzea eta laguntza nahiz programa estrategikoen bidez enplegua sortzea dira hitzarmenaren helburuak. Baina baita, merkataritzako hiri-ingurunea suspertzea eta jarduera komertziala dinamizatzea ere.
Josu Ruiz, Garapen Ekonomikoko zinegotziak adierazi duenez, “bizi dugun egoera ekonomikoak eta ondoriozko salmenten jaitsierak, saltoki askoren biziraupena arriskuan jar dezake, eta sektorean galera garrantzitsua eragin”. Hori ekiditeko neurriak hartzea ezinbestekoa dela adierazi du Ruizek.
Neurri horietako batzuk hartzeko, hain zuzen ere, Donostiako Sustapenak 100.000 euro emango ditu, eta merkataritzari emandako bultzada berri honekin 150 enplegu berri sortzea espero dute.
Inditex
Inditex taldeak Erdialdean irekitzeko asmoa duen merkatal gune berriak hiriko saltokietan izango duen eraginaz galdetuta, Esteban Gonzalez Bastida, SShopseko lehendakaria baikor agertu da; “Alde positiboarekin gelditu beharko dugu, ez dugu besterik. Egia da tartaren zati handi bat eramango duela, baina era berean, bezero berriak erakartzea espero dugu hirira, beraz, tarta bera ere handitu egingo da. Sektore berean lan egiten duten inguruko saltokiek balio erantsi bat eskaini beharko dute”.