"EH Bilduren iniziatiba ororen kontrako jarrera sistematikoan aritu direnen porrota ageri zaigu igandeko emaitzen atzean"
Donostiako EH Bilduk uste du Europako hauteskundeetan lortutako emaitzak hirian eraikitzen ari diren ereduarekin jarraitzeko urrats berria direla.
Euskal Herria Bildu koalizioko Donostiako arduradunek bilera egin dute maiatzaren 25eko hauteskundeen emaitzen inguruan balorazioa egiteko. Emaitzek Donostian lehen indar gisa egonkortzen dutela adierazi dute: “Azken lau hauteskundeetatik hirutan lehen indarra izanik, Donostian joera berria uzten du agerian”.
Joera honek Donostian egiten ari diren aldaketa prozesua indartzen duela uste dute: “Donostian gauzak egiteko beste modu bat badagoela frogatu dugu, eta herritarrak ardatz dituen hiri eredua eraikitzen ari gara. Igandeko emaitzek, bide horretan sakontzeko herritarren babesa ematen diote EH Bilduri”.
EH Bilduren “iniziatiba ororen kontrako jarrera sistematikoan aritu direnen porrota” agerian geratu dela azaldu dute, eta “egunerokoan udal ekimenen aurrean egiten diren manipulazio eta desitxuratze estrategiek” ez dutela emaitzarik lortu. Hausnarketara deitzen dituzte EH Bilduren kontra ari direnei: “donostiarrek nahi duten agertokia onartu eta haien ekarpenak jarrera eraikitzaileetatik egitera gonbidatzen ditugu. Bestelako jarrera suntsikorrek, haien buruei kalte egiteaz ez ezik, kaltegarriak dira Donostia eta donostiarren interesekiko ere”.
Ezkerreko hainbat alderdik izandako gorakada pozgarria dela azpimaratu dute: “Donostian abian den aldaketa prozesuan oso garrantzitsua da hiriko sektore ezkertiarrok indartsu egotea. Donostia aurrerakoia, solidarioa eta herritarra eraikitzeko indarrak batu behar ditugu. Gure arteko elkarlanerako aukera berriak zabaltzen dituzte igandeko emaitzek”.