Altxaldi frankistan exekutatutako donostiarrak omendu dituzte

Goikoa Jauregiaren aldamenean, Dual izeneko eskultura jarri dute, exekutatutako donostiarrak oroitzeko eta merezi duten aitortza eskaintzeko.

Altxaldi frankistan fusilatutakoei omenaldia. (Argazkia: Lide Ferreira)

Altxaldi frankistan fusilatutakoei omenaldia. (Argazkia: Lide Ferreira)

Donostiako Udalak altxaldi frankistan eta ondorengo urteetan exekutatu zituzten 377 pertsona omentzeko ekitaldia egin du. Bertan, alderdi guztietako ordezkariak egon dira. Omenaldiari hasiera emateko, frankismoaren une lazgarriak islatzen dituen ikus-entzunezko bat proiektatu dute. Jarraian, txistularien bandak kanta bat jo dute, eta Juan Karlos Izagirre alkateak hartu du hitza. “Gogora ekarri nahi ditugu hainbeste urtetan ahaztuak izan direnak. Omenaldi honek justizia egin nahi dio garai hartan gertatutakoari, eta Udalak oroigarria jarriko dio biktima horiei guztiei”. Hortaz, alkateak oroigarri bana eman die exekutatutakoen senideei.

Txistulariek lagunduta, udaletxetik Goikoa Jauregiaren aldamenera abiatu dira. Bertan, Izagirrek eta zenbait gonbidatuek fusilatutakoei omentzeko egin duten eskultura agerian utzi dute, eta senitartekoek lore-eskaintza egin diote.

Dual eskultura Amaia Mateosek eta Tomas Villanuevak egin dute. Korten altzairuz eta polikarbonatoz egindako lana da eta fusilatutako pertsonak oroitzeko 400 zulo ditu. Gainera, pertsona horietako bakoitzaren izen-abizenak xafla batean jarri dituzte. “Eskultura horretan fusilatuak izan ziren donostiar bakoitzari dagokion zulo bana dago. Zulo horiek gure memoria zulatuetan gure bihotzetara lehio bat ireki dezaten”, adierazi du Izagirrek.

Donostiako Genozidioaren Biktimen Elkarteak 1936. urtean fusilatutako donostiarrei eskainitako Oroigarria inguratu dute. Bertan, Unai Gaztelumeni bertsolariak abestu du.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend