Aitor Etxaburu. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
“Hazten jarraituko dudan leku batera iritsi naiz, elitera etorri naiz, emakumeen lehian errendimendu handiena duen taldera”. Aitor Etxaburu Bera Bera Eskubaloia taldearen entrenatzaile berriaren lehen adierazpenak izan dira hauek. Gaur eguerdian agertu da hedabideen aurrean, Bidebietako kiroldegian, Tati Garmendia Bera Berako kirol arduradunarekin batera.
Garmendiak aitortu du Etxaburu ez zegoela klubaren hautagaien artean: “Uste genuen gu ez geundela bere aukeren artean, baina azkenean, komunean dugun lagun baten bitartez elkar ezagutu genuen eta geroztik dena oso erraza izan da”.
Etxaburuk esan du Bera Berarengan pentsatu zuela, buruan zuela. “Tamalez” emakumezkoen eskubaloia eta gizonezkoen eskubaloia bi mundu diruditela esan du. Eta honen aurka agertu da, bere ustez eskubaloia unibertsala delako, eta lengoaia bera delako.
Entrenatzaile gisa 30 urteko esperientzia duela azaldu du. Hamazazpi urtez amateur mailan ibili zen, eta gainera, garai hartan Bartzelona, Teka, Granollers eta Bidasoa taldeetan jokatu zuen. Profesional mailan Bidasoa taldeko entrenatzaile izan da bederatzi denboraldiz eta Helvetia Anaitasunarena lau denboraldiz. Eibartarra den arren, Hondarribian bizi da Etxaburu, eta hilabete honetan 48 urte beteko ditu.
Etxaburuk aitortu du erronka gogorra eta zaila duela, Bera Bera eskubaloia maila gorenean baitago. Sekulako denboraldia osatu du. Iazko denboraldian, hiru lehia garrantzitsuenak eskuratu zituen, ABF Liga, Kopa eta Superkopa; 2013-2014 denboraldian, berriro errepikatu ditu hiru garaipenak, eta horretaz gain, Euskadiko Kopa ere lortu du. Aurreko denboraldian Imanol Alvarez entrenatzailearekin lortutakoa errepikatzea espero du Etxaburuk.
Klubaren egoera ekonomikoa
Tapeldunen Ligan edo EHF Ligan parte hartuko duen erabaki behar du Bera Bera eskubaloiak, eta ekainaren 11 da azken eguna. Tati Garmendiak azaldu du enpresa bati proposamen bat egin diotela, enpresa hori taldearen babesle izan dadin, eta orain erantzunaren zain daudela. Aukera guztiak agortu arte lanean jarraituko dutela adierazi du: “Aurten formatua aldatu egin daeta iazko denboraldia baino konplikatuagoa da, gastu gehiago izango ditugulako”.