Euskal herriko mugimendu feministaren iritzia 'Cuadrilla busca cita' EITBren saio berriaren inguruan
Ekainaren 15ean, igandean, emititu zuen EITBko bigarren kateak Cuadrilla busca cita saioa lehen aldiz. Harriduraz, amorruz eta haserrez jaso ditugu bertan ikusi eta entzundakoak.
Cuadrilla busca cita telebista saioa lehen segundutik azkenerarte eduki sexistetan oinarrituta dago. Zeinetan, maskulinitate eta feminitate eredu hegemonikoen sustapena dagoen oinarrian. Mutilak dira: aktiboak, subjektuak eta neskak, aldiz, objektuak. Saioaren tesirik nabarmenena hauxe da: “Ez gara pertsona osoak, naranja erdiak gara eta beste erdiaren beharra daukagu”, hortaz, emakume bat gizon batek osagarritu beharko balu bezala. Gizon guztiak heterosexualak, emakume guztiak heterosexualak, beraien genetikan idatzia egongo balitz bezala. Mutilak casting antzeko bat egiten diete neskei. Neskak banaka jeisten dira, pasarela bilakatzen den korridore bat zeharkatuz, bost mutilek galderaz josten dituzte neskak, beraien helburua koadrilako lagunari neska bat aurkitzea da. Ahalko balute bezala, hau da, koadrilakoek neskalaguna aurkitzen diote taldeko azken mutil zaharrari, adin batetik aurrera bizitzako helburu nagusia bikote bat osatzea delako, eta ezkontzea, noski. Egiten diren galderak, filtrorik gabeko astakeriak dira, bikotea casting batean aurkitzerik balego bezala. Kasu honetan, kuadrilako mutilek, aurrean dituzten neskak epaitzen dituzte gustokoak salbatuz eta besteak saiotik kanporatuz.
Urte askotako lana izan da Mugimendu Feministarentzat esterotipoei aurre egitea, jendarteari erakustea harreman mota asko daudela, emakumezkoak ez direla objektuak, eta gizonezkoek ez direla subjektu aktiboa izan daiteken gorputz bakarrak. Lan guzti hori EITB-k zakarrontzira bota nahi du, bikoteen eredu komertzial eta hutsal bat zabalduz, heteroarau hegemonikoena eta hertsiena sendotuz. Berdin du hurrengo kapituluetan nesken koadrila batek mutikoei galderak egiten badizkiete, balioak berberak izango direlako. Dirudienez, Emakunde lehendik kezkatua zebilen eta EITB-ri eskatu zion programa mesedez ez botatzeko, berdintasun irizpideen kontra egiten baitzuen, baina EITB-ko buruek aurrera egin zuten, Eusko Jaurlaritzak berdintasun politikak bermatzeko duen erakunderik garrantzitsuenaren hitzei jaramonik egin gabe. Zertarako sortzen ditu Eusko Legebiltzarrak Berdintasun
Legeak (4/2005) eta berdintasunerako erakundeak? Jaramonik ez egiteko? Ez betetzeko?
Komunikabide publikoek funtzio berezia izan beharko lukete berdintasun politikak eta balioak zabaltzeko garaian, ez da soilik saio bat, Cuadrilla busca cita gaixotasun sakon baten sintoma da, EITB-k ez ditu berdintasun politikak sustatzen ez barrura eta ez kanpora begira.
EITB-k Genero Unitate bat izan beharko luke, identifikatua, alegia, eragileek jakin beharko genuke zeintzuk diren berdintasun politikak bermatzen dituzten langileak euskal telebista publikoan. Ezagutu beharko genituzke beraien planifikazioak, gainera eragile bezala planifikazio horien parte izan beharko genuke. Tamalez ez dugu haien berririk.
Dirudienez EITB-rentzak gehiago saltzen du Espaniar kate pribatuetan botatzen dituzten programa kutreenak kopiatzea, parekidetasun ereduak sustatzen dituzten saioak egitea baino. Berdin zaie saio horiek matxismorik zikinena sustatzen badute ere, berdin zaie emakumeak objetu bezala agertzen badira, berdin zaie beste eragileok urtetan egin dugun lan guztia.
Ezin ulerturik gabiltza nolatan, EITB kate publikoak honelako saio bat sortu eta emititu dezakeen. Iguingarria iruditzen zaigu, kate publiko batean, diru publikoarekin eduki guztiz sexistetan oinarritutako saio hau sortzeko erabakia hartzea. Zein da helburua? Jendarte patriarkal honetan egun bizirik dirauten bereizkeria egoerak indartzea? Gazteen artean egun erruz ematen diren indarkeria sexista egoerak, non, jabetzan oinarritutako harreman sexu afektiboak indartzea? Lotsagarria iruditzen zaigu telebista publiko batek honelako harreman ereduen aldeko apustua egitea.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak Cuadrilla busca cita programa bertan behera uztea exijitzen du. Hala ere gure iritziz, saioa kentzea ez da nahikoa, arazoa sakonagoa da, EITB-k berdintasuna sustatzeko ardura duela gogoratu nahi dugu, norabidea aldatu egin behar du, matxismoa sustatzen dituzten saioak baztertuz.
Euskal Herriko Mugimendu Feminista