Sei hirigintza proiektu bozkatuko dituzte biharko osoko bilkuran
San Bartolome, Torrua Zahar, San Alberto Magno-Etxadi, Altza Gaina, Miramon eta Seminarioko plangintzak bozkatuko dituzte bihar.
San Bartolomeri dagokionez, esparru horretako Plan Orokorraren aldaketari hasierako onarpena emango zaion ala ez bozkatuko dute. Aldaketa horri esker, espazio publiko berri bat sortu ahal izango da, muinoari eta bainuetxeari eutsi, eta 100 logelako hotel bat sortu, hirugarren sektoreko bestelako erabilera batzuez gain.
San Bartolome hiriaren ikur turistiko bat bihurtzea espero dute, baina horretarako, beharrezkoa plana aldatzea.
Torrua Zaharreko Plan Bereziaren kasuan, behin betiko onarpena bozkatuko dute. URAk proposatu duen Urumea ibaia bideratzeko proposamen berria esparru horretako partzelekin eta oinezkoen, bizikleten eta ibilgailu motordunen zirkulazio-proposamen berriarekin bateratzea da helburua. Horrek, gainera, lur sail horietan eraikinak egitea ahalbidetuko du. Beraz, etorkizunean uholdeak saihesteko abian dagoen plangintza arloko lanean beste pauso bat ematea ekarriko du.
Etxebizitzaren alorrean, Etxegiko hirigintza hitzarmenaren onarpena bozkatuko dute. Donostiako Udalaren, Etxegi 21 sozietatearen eta Amenabarren arteko hitzarmenaren aldaketaren ondorioz, Berion alokairu sozialeko 48 etxe eta 48 etxebizitza tasatu eraiki ahal izango dituzte.
Akordioaren arabera, jabeak, Amenabar eraikuntza enpresak, Etxegiri, 96 etxebizitzetako 48 salduko dizkio, eta horiek alokairurako babes ofizialeko etxebizitzak izango dira, gutxienez 50 urtez. Hitzarmen horrek, era berean, 48 etxebizitza tasatuak eraikitzen direnean salgai jartzea ahalbidetzen du.
Plan Orokorrean, Etxadiri dagokionez aldaketa bat egingo da, San Alberto Magno ikastetxe alemanaren partzelan, osoko bilkurak onartzen badu. Eraikigarritasuna handitu ahal izatea da helburua, ikastetxeak zerbitzu berriak eta hezkuntza-eskaintza osagarriak eduki ahal izan ditzan, aparkalekua barne.
Altza Gaineko Plan Bereziaren kasuan behin betiko onarpena izango litzateke biharkoa. Eraikigarritasuna handitzea ahalbidetuko litzateke, 800 metro koadroko jolas eta kirol gune bat estaliz.
Horrez gain, Lehen Hezkuntzako Jakintza ikastetxeak Seminarion daukan partzela bat antolatzeko Plan Bereziari behin betiko onarpena emango zaion ala ez bozkatuko da. Onartuz gero, lur azpin 302 metro koadro eraikiko dira eta 850 metro koadro lur gainean.
Miramongo esparruaren Plan Berezia behin betiko onartuz gero, berriz, esparru horretan aurreikusitako etxebizitza kopurua 16tik 21era igo ahal izango da, horietako bakoitzaren batez besteko azalera 120 metro koadrotik 85 metro koadrora txikituz.